Udako etenaldiaren ostean, hilaren amaiera aldera ekingo dio berriro lanari Eusko Jaurlaritzak, lege egitasmo eta plan berriak mahai gainean jarrita. Hilaren 30ean egingo du lehen gobernu bilera, Donostiako Miramar jauregian, eta han, besteak beste, urte luzez ez aurrera ez atzera egon den Udal Legearen proiektua onartzeko asmoa du. Patxi Lopez lehendakariak emango du lege proiektuaren edukiaren berri, lehendakaritzako iturriek Efe albiste agentziari jakinarazi diotenez.
Patxi Lopezen lehentasunetako bat da Udal Legea legealdia amaitu aurretik onartzea, baina, beste egitasmo askorekin gertatu den legez, haren tramitazioa behin eta berriz atzeratu behar izan du. Izan ere, azken urteotan polemika iturri bilakatu da lege hori, EAEko zenbait administrazioren eskumenen artean liskarrak sortzen dituelako. Lege proiektua onartu ostean, taldeen babesa lortu beharko du Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrean, legea aurrera atera nahi badu behinik behin.
Urte politikoa hasita, lehendakariak hitzordu garrantzitsua izango du irailaren 29an Eusko Legebiltzarrean, politika orokorreko osoko bilkuran. Han, legealdiaren bigarren zatirako dituen lehentasunen berri emango du Lopezek: besteak beste, fiskalitatean, enpleguan, bakegintzan eta gizarte zerbitzuetan gobernuak dituen proposamenak garatuko ditu.
Udazkenean, gainera, Ameriketako Estatu Batuetara (AEB) bidaia ofiziala egingo du lehendakariak, euskal enpresa, erakunde eta ekonomia arloko ordezkaritza zabal batekin batera. Lehendakaritzak jakinarazi duenez, AEBetako ekialdeko kostaldea bisitatuko du lehendakariak, urriaren 13tik 21era, helburu nagusi batekin: estatuetako lehen mailako agintariekin eta nazioarteko goi mailako ordezkariekin batzartzea, eta herrialde horretako enpresekin harremanak estutzea.
Urkulluren kritikak
Bestalde, Patxi Lopezen agintaldiari kritika zorrotzak egin dizkio Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak. Urkulluk zalantzarik ez du Lopezek agintaldi osoa betez gero lau urte «alferrik galduko» direla euskal gizartearentzat. Hori dela eta, «zintzoa» izateko eta euskal gizartearen beharrei ez dela erantzuten ari aitortzeko eskatu dio lehendakariari.
Urkulluk argi dauka PSEk eta PPk duela bi urte egindako itunaren atzean «proiektu sendorik» ez dagoela eta bi alderdion helburu bakarra EAJ gobernutik baztertzea izan zela. «Zorra zazpi aldiz handiagoa da orain, ez dago politika ekonomiko sendorik, ezta zerga politikarik ere», salatu du. Gainera, gaur egun PSEren eta PPren artean «desadostasun nabarmenak» daudela uste du EAJko buruak.
Udal Legea lehen gobernu bileran onartzeko asmoa du Jaurlaritzak
Iñigo Urkulluk esan du lehendakariak agintaldi osoa betez gero lau urte «alferrik galduko» direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu