politika

Udalbiltzaren aldeko adierazpena jada bi mila udal hautetsi eta hautetsi ohik sinatu dute

Sei urte igaro dira Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Udalbiltzaren aurkako polizia operazioa agindu zuenetik, "ETA-Ekin zuzentzen duen egituran" sartua zegoela argudiatuta. Fiskaltzak 240 urteko kartzela zigorra eskatu du 22 auzipetuentzat.

2009ko azaroaren 26a
19:56
Entzun
Udalbiltzaren aldeko adierazpena sinatu dute gaur bi mila udal hautetsi eta hautetsi ohik, eta ondoren testu hori Nazio Batuen Erakundera eta Europako beste hainbat erakundeetara zabalduko dutela jakinarazi dute. Udalbiltzako 22 auzipetuei babesa adierazteko testua sinatu dutenen artean, besteak beste, Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohia (Bizkaia), Ainhoa Beola Donostiako zinegotzia eta Maixabel Arrieta Villabonako alkatea (Gipuzkoa) daude.

Guztiek Udalbiltza "legezko eta beharrezko" erakundea dela berretsi dute, eta "era guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko eskubidea" errespetatu behar dela aldarrikatu dute.

Sei urte igaro dira Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Udalbiltzaren aurkako polizia operazioa agindu zuenetik. 2003ko apirilaren 29an, Espainiako Poliziak Udalbiltzako zortzi kide atxilotu zituen eta erakundearen egoitzak miatu eta itxi. Udalbiltza "ETA-Ekin zuzentzen duen egituran" sartua zegoela argudiatu zuen. Ordutik, beste 14 lagun gehiago inputatu ditu Garzonek, eta guztiei "ETAko kide izatea" leporatu die. Joan den irailean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 240 urteko kartzela zigorra eskatu zuen 22 auzipetuentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.