Udalek ez dute finantzatu behar Donostia aldeko metroa, Iñaki Arriolaren arabera

Gipuzkoako Diputazioa prest dago metroaren finantzaketan laguntzeko, baina baldintzak jarri ditu

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak ez du Gipuzkoako Diputazioaren iritzi bera, izan ere, Iñaki Arriola Garraio sailburuaren ustez, udalek ez dute parte hartu behar Donostia aldeko metroaren finantzaketan, eta Bilboko metroaren eredua proposatu du Donostia alderako: Jaurlaritzak eta diputazioak hartzea bere gain azpiegituraren kostua. Sailburuak gogorarazi du Bizkaiko herriei ez zaiela dirurik eskatu metroa egiteko, eta, ondorioz, Gipuzkoakoei ere ez litzaiekeela eskatu behar. Gainera, haren arabera, horrek proiektuaren garapena «oztopa eta zail» dezake, «udalek diru arazoak dituztelako krisi garaiotan». Edonola ere, Jaurlaritza «prest» dago finantzaketa moduaz eztabaidatzen jarraitzeko, eta egoki ikusten du, Gipuzkoako Diputazioak berak proposatu bezala, kudeaketarako erakunderen bat sortzea. Erakunde horrek instituzioen laguntzak jasoko lituzke, eta zorpetu ahal izango luke, Bilboko metroak egiten duen antzera.

Hain zuzen, Gipuzkoako Diputazioak herenegun eman zion Jaurlaritzari bere jarreraren berri. Guztira, 700 milioi euroko kostua du Euskotreneko Gipuzkoako korridorea berritzeak, eta Jaurlaritzak gastuen erdia bere gain hartzeko eskatu dio.

Diputazioak gogorarazi du trenbideen eskumena Eusko Jaurlaritzarena dela soilik, hala ere, finantzaketan laguntzeko «prest» dago. Baldintzak jarri ditu, ordea, eta argi utzi du metroaren honako lanetarako jarriko duela dirua soilik, hau da: Donostian trena lurperatzeko egitasmorako, Altzako lotura egiteko eta Irun eta Hondarribia arteko zatia egiteko -aireportuan geltokia aurreikusten du-. Euskotren XXI Planean jasotako beste proiektuetarako ez du jarriko dirurik, hau da: Donostiatik Eibarrera eta Donostiatik Irunera arteko trenbideak bikoizteko lanetarako.

Beste baldintza bat ere jarri du diputazioak: Donostiako, Irungo eta Hondarribiko udalek metroaren finantzaketan parte hartzea, «metroa eraikitzeak eragin dezakeen lurraldearen berrantolaketaren ondorioz gainbalioren bat lor dezaketelako udal horiek».

Bestalde, oinarrizko datu batzuren «falta» sumatu du diputazioak, hala nola eskariaren inguruko azterketa, bideragarritasun azterketa, proiektu jakinak argitzea eta aurrekontuko diru sailak bereiztea.

Jaurlaritzaren argipenak

Atzo bertan erantzun zion Iñaki Arriola Garraio sailburuak Gipuzkoako Diputazioari, Odon Elorza Donostiako alkatearekin batera egindako agerraldian. Metroa finantzatzeko hirugarren zirriborroari diputazioak emandako erantzuna «ontzat» jo du sailburuak. Bi erakundeek irailean sinatu zuten elkarlanerako akordioa.

Arriolaren arabera, Donostia aldeko metroa proiektu «estrategikoa eta ezinbestekoa» da Gipuzkoarako, eta ezin da gehiago atzeratu. «Ordua iritsi da hitzetatik ekintzetara pasatzeko, eta erakundeok konpromiso sendoak hartu behar ditugu, zalantzarik gabe aurrera egiteko». Bidenabar, hainbat kontu argitzeko baliatu du agerraldia, hala nola Jaurlaritzak ez diola eskatu inoiz diputazioari Euskotreneko Eibar eta Irun aldeko bikoizketa lanetan laguntzeko. Arriolaren arabera, soilik Donostia aldeko metroaren egitasmoan laguntzeko eskatu dio, hots, Lasarte-Oria eta Hondarribia lotuko dituen proiektuan. Proiektu horrekin gipuzkoarren %65en garraio arazoak konponduko lirateke zuzenean, sailburuaren esanetan.

Hala, Jaurlaritzak ez du «arazorik» diputazioak planteatutako «gidoiaren zati bat» bere egiteko, baina udalek proiektuaren finantzaketan parte hartzeko jarritako baldintzarekin ez dago ados. Dena dela, finantzaketari dagozkion «konpromisoetan aurrera egiteko» gunea Gipuzkoako Garraio Agintaritza dela uste du Arriolak, diputazioak berak proposatu bezala.

Odon Elorzaren eskaerak

Odon Elorza Donostiako alkatearen ustez, ezinbestekoa da Gipuzkoako Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak Donostia aldeko metroa finantzatzeko hitzarmen bat lortzea. «Lehen mailako helburu estrategikoa da, hainbat zalantza eta galdera argitzeko» azaldu du. Horren haritik, alkateak espero du diputazioak asteazkenean igorritako erantzuna behin betiko konpromisoa lortzeko «aperitiboa» izatea. Halaber, Elorzak gaineratu du ez dagokiela udalei lan horietako finantzaketan laguntzea eta ez duela «inolako asmorik» gainbalioren bat lortzeko.



Donostiako metroa

180

Donostian metroa lurperatzeak izango duen kostua. 180 milioi euroko kostua izango du metroa Donostian lurperatzeak. Gutxienez, lau geltoki aurreikusi dituzte: Ibaetako unibertsitateetan, Matia kalean, Kontxako pasealekuan eta Errondo kalean.



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.