Udalen iritzia aintzat ez hartzea salatu dute 14 alkatek

Hirigintza planak hasita dituztela eta babeserako guneak handitzeak kalte egingo diela esan dute Gipuzkoako 14 alkatek

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Herrientzat kaltegarri izango dela bereziki zaindu beharreko guneak sortzea. Hala salatu dute Gipuzkoako 14 herritako alkateek, Eusko Jaurlaritzaren asmoaren berri izanda. «Enpresa nahiz industrialdeen zabalkundeari zuzen-zuzenean eragingo lioke zenbait kasutan», ohartarazi du Iñaki Oiartzabalek, Errezilgo alkateak. Gipuzkoako hainbat udalek esan dute hirigintza planak-eta abian dituztela azken urteetan, eta Ingurumen Sailaren asmoek ezbaian jartzen dituztela horietako batzuk, babes eremuetan daudelako. Alkateek «harridura, kezka eta zalantza» erakutsi dituzte babesguneak zabaltzearekiko, eta atzera egiteko eskatu dute.

Gipuzkoako 14 herritako alkateak batu dira egitasmoaren aurka: Aia, Albiztur, Ataun, Azkoitia, Azkoitia, Beasain, Bidania-Goiatz, Errezil, Hernialde, Idiazabal, Lazkao, Orio, Segura eta Tolosa. Jaurlaritzari egotzi diote ingurua benetan kontuan izan gabe hartzea erabakiak, eta udalak ez hartzea aintzat. «Udalen autonomiari eraso diote», salatu du Orioko alkate Jon Redondok. Proiektuak «itolarrian» jarri dituztela diote, eta arauak zaildu egingo dituela aurreragoko planak.

Jaurlaritzak babes berezia eman nahi dien inguru batzuk urbanizagarriak baitira, haien arabera. Baina, areago, landa inguru direnetan ere ikusten dute arazoa, lurjabeekin. «Jaurlaritzak ez du inolako zehazpenik adierazten bere neurriek lurjabeei sortuko dizkien kalteez eta eman beharreko ordainez», adierazi du Oiartzabalek. Haien ustez, dirutza handia beharko du Jaurlaritzak egitasmoa gauzatzeko. «Araudia oso da interbentzionista eta mugatzailea, eta dirutza eskatuko du».

Hartara, atzera egiteko eskatu diote Ingurumen Sailari, eta hasteko hutsetik egitasmoa aztertzen. «Paperak guztia jasaten du, baina gero sortzen dituen eraginak aztertu behar dira», ohartarazi du Aiako alkateak, Igor Iturainek. Udalekin elkarlanean aritzea ezinbestekotzat jo dute alkateek, herri bakoitzaren berezitasunak eta arauak kontuan izan ditzaten: «Erakundeen eta herritarren arteko lankidetza eraginkorraren bitartez, egitasmo errealistago bat bideratu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.