Artxiboetan arakatzeak mesfidantza sor dezake, oraindik ere, pertsona batzuen artean. Memoria historikoak, baina, ez du mendekurik bilatzen, edo ez luke bilatu behar, Pako Etxeberria Aranzadiko kidearen ustez. «Memoria historikoa ez da iraganeko kontu bat. Gizarte modernoak beharrezkoa du memoria, elkartasunean oinarritutako balio demokratikoak orainean eraikitzeko eta etorkizuna sendotzeko».
Espainiako militarrak demokraziaren aurka altxatu zirenetik 75 urte igaro dira ia, eta «isiltasuna» da nagusi oraindik ere hainbat instituziotan. Gerran hildakoen gorpuzkinak aurkitu eta lurpetik ateratzen dituzten bezala, hainbat artxibotan ahazturan gorderik egon diren dokumentuei hautsa kentzeko garai iritsi da. Hala uste dute behintzat Gipuzkoako Batzar Nagusiek.
Zor historiko hori kentzeko helburuarekin, omenaldia egin zieten atzo frankismoaren errepresioa jasan zuten herritarrei. Ekitaldian izan ziren Eusko Jaurlaritzako eledun Idoia Mendia eta Gipuzkoako hogei bat udalerritako alkate eta zinegotzi:Asier Aranbarri Azkoitikoa (EAJ), Juan Carlos Merino Errenteriakoa (PSE-EE), Marian Beitialarrangoitia Hernanikoa (ezker abertzalea), Mikel Izagirre Urnietakoa (EB) eta Jon Urien Zarauzkoa (H1), besteak beste. Haiekin batera, errepresioaren biktima ugari eta memoria historiko lantzen duten elkarteak.
Frankismoaren biktima guztiak eta, bereziki, 1936an hildakoGipuzkoako hautetsi eta udal langileak gogoratu zituen Rafaela Romero Batzar Nagusietako presidenteak, eta ekitaldian parte hartu zuten udaletako ordezkariei Gipuzkoa, udal errepublikanoetatik frankistetara. 1936-1937 izeneko liburua banatu zien.
Ikerketa hori egiteaz arduratu da Aranzadi elkarteko Pako Etxeberria, eta, dioenez, militarren altxamenduaren ondorioz, udal demokratikoak «usurpatu zituzten». Herritarrek demokratikoki hautatutako hautetsiek militarrek aukeratutakoak ordezkatu zituzten, eta horietako asko jazarriak izan ziren. Bi alkate eta dozenaka zinegotzi fusilatu zituzten. Beste batzuk erbestean hil ziren. Era berean, ehunka izan ziren kargugabetutako maisu-maistrak eta lanpostu publikoetatik kanporatutako langileak. Horien guztien izenak jasotzen ditu lanak, baita haien lekua hartu zutenenak ere. Etxeberriak nabarmendu du lan hori bere txikian urteetako «hutsune» bat betetzera datorrela.
Udaletako artxiboei hautsa kentzeko garaia
Frankisten errepresioa jasandako biktimei omenaldia egin diete Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu