Euskara

Udaltopek haurrei eta gazteei begirako hizkuntza politikak izango ditu ardatz

Eskolako eta handik kanpoko jarduerez arituko dira, maiatzaren 12an eta 13an, Lasarte-Orian.

Parte hartzaileak Udaltop jardunaldian, 2019an, Lasarte-Orian (Gipuzkoa). ANDONI CANELLADA / FOKU
2022ko martxoaren 22a
14:31
Entzun

Hamasei urte artekoentzat hizkuntza politika eraginkorrak eta egokiak zein diren, horren inguruan hausnartuko dute aurten Udaltop udaletako euskara zerbitzuen topaketan. Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Manuel Lekuona kultur etxean egingo dute, maiatzaren 12an eta 13an. Honako galdera hau izango du izenburu jardunaldiak: Eskolak bakarrik ezin badu... Zer eta nola egin behar dugu udalerrian hobeto 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko? Hain justu, eskolako eta eskolaz kanpoko jardueretan euskarak zer leku duen aztertuko dute, eta nola handitu bi eremuotan haren presentzia.

Ikuspegi orokorra emanez hasiko dute jardunaldia. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoeraz jardungo dute, eta Nafarroakoari erreparatuko dio Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak. Ipar Euskal Herriko egoeraz ere arituko dira ondoren, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Kataluniara begira jarriko dira gero. Han, Kataluniako Eskola Kontseiluak katalanaren erabilera areagotzeko 67 neurriko proposamen bat helarazi dio Generalitateari, eta proposamen sorta hori aletuko dute Jesu Vinyas i Cirera Kataluniako Eskola Kontseiluko kideak eta Marina Gay i Faura Omnium Culturalekoak.

Ikastetxeetan jarriko dute arreta hurrengo egunean. Soziolinguistika Klusterreko Joseba Suberbiolak «hiztun hobeak» sortzeko moduez hitz egingo du. Hezkuntza arautuan nahiz arautu gabean «hizkuntza politika egokia egiteko tresnez» ere arituko dira Gasteizko eta Donostiako udaletako euskara zerbitzuetako kideak. Talde lanarekin itxiko dute jardunaldia. Zenbait galderaren inguruan gogoeta egingo dute taldean parte hartzaileek: «Ados gaude 16 urte bitartekoen ekosistema lokala arnasgune soziofuntzionala izatea estrategikoa dela? Zer ekarpen egingo zenioke daukagun edo izan genezakeen arkitektura juridikoari? Zer eta nola egin behar dugu hobeto gure herrian 16 urte bitartekoen habitat linguistikoa hobetzeko?».

Galdera horiei tiraka, antolatzaileek eskuliburu bat osatu nahi dute, adin bitarte horretarako egokia izango den hizkuntza politika antolatzeko.

Hezkuntzara begira

Antolatzaileen artean, aurten nobedadea izango da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren parte hartzea; zehazki, haren barneko berritzeguneetako hizkuntza normalizaziorako aholkularitza zerbitzua. Modu horretan hizkuntza politikaren alorrean jarduten dutenak hezkuntzan dabiltzanekin elkarlanean jarri nahi izan dituztela azaldu dute antolatzaileek.

Helburu hori indartzera begira, aurten jardunaldia streaming bidez ere ikusi ahalko dela aurreratu dute. Izen ematea zabalik egongo da maiatzaren 3ra bitarte, www.udaltop.eus atarian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.