Udazkenerako adostuko dute Ipar Euskal Herriaren egituraketari buruzko proposamena

Garapen Kontseiluak apirilaren 5ean adostuko du gobernantzaz duen iritzia, eta Hautetsien Kontseiluak, maiatzean

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriaren egituraketaz Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak eraman gogoeta aitzina doa, eta udazkenerako adostuko dute gobernantza proposamen bat. Lantalde bat hasiko da horren lantzen maiatzean. Anartean, Garapen Kontseiluak bere iritzia adostuko du apirilaren 5ean duen bileran, eta Hautetsien Kontseiluak, maiatz hastapenean. Frantziako Gobernuak erabaki lurralde berrantolaketaren harira, Pays tresnak indarra galduko du eta horrek bi egitura horien geroa zalantzan ezartzen du. Hiru hautuen artean dabiltza gogoetatzen: lehena, gaur egungo egoera atxikitzea; bigarrena, delegaturiko eskumenak izanen lituzkeen erakunde publiko baten sortzea, eta hirugarrena, eskumen propioak lituzkeen erakunde publiko bat eratzea.

Gogoeta laguntzeko asmoz, Jean Gourdou eta Jean-Pierre Massias zuzenbideko irakasleak aritu dira proposamenen sakontzen, tokiko hainbat eragileri beren ikuspuntua eskatuz. Eragile guztien artean «adostasun orokor» bat lortzeko bidean, beste proposamen bat aurkeztu dute irakasleek: Frantziako Konstituzioak ahalbidetzen duen esperimentazio prozesuari segi, estatus berezia lukeen elkargo bat gauzatzea.

Elkargo bat esperimentatzea

Tokiko eragileen artean postura «oso ezberdinak» badirela kontutan harturik, adostasun batera heltzeko esperantza dute Massias eta Gourdouk, eta elkargo baten esperimentazioa iritzi ezberdinak bilduko lituzkeen hautua izan daitekeela diote. Hain zuzen, orokorki iritziak bi multzotan banatzen dira: batean, Pays egitura atxiki edota azkartu nahi dutenak, hots, status quo-aren aldekoak, eta bestean, instituzio bat nahi dutenak, hori berezko lurralde elkargoa edota autonomia estatutua izaki.

Frantziako Senatuak abiatu tokiko demokraziari buruzko mintegiaren kariaz, eskualdeetako topaketak antolatuko dira udazkenean, eta ordurako nahi dute proposamena adostu. Mintegi horren barnean Ipar Euskal Herriaren geroari buruzko gogoeta txertatzea galdegin diote Jean-Pierre Bel Senatuko presidenteari Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko buruak eta Jean Baptiste Etxeto Garapen Kontseilukoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.