Euskararen erabilera bultzatzea du helburu Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Kutxabankek eta Laboral Kutxak sinatutako hitzarmenak. Uemako lehendakari Josu Labakak nabarmendu du arnasguneek euskararentzat garrantzi berezia dutela, eta haien izaera aitortzea dakarrela sinatutako hitzarmenak. Bi finantza erakundeetako ordezkariek, berriz, ohartarazi dute bezeroek hizkuntza hautatu ahal izatea funtsezkoa dela kalitatea bermatzeko.
Honako neurriak hartuko dituzte, besteak beste:
Erakundeen arteko harremanak. Euskaraz izango dituzte harremanak Uemak eta haren udalek eta Kutxabankek eta Laboral Kutxak.
Langileak. Finantza erakundeetako langileak elebidunak izango dira, eta langile berriak bidaltzen dituztenean ere hala direla bermatuko dute, baita behin-behineko beharginak izanda ere.
Bezeroak. Euskararen erabilera bultzatzeko neurriak izango dira: lehen hitza euskaraz egingo diete, mezu elektronikoak euskaraz edo bi eletan bidali, txartelak euskaraz egingo dira aurkakorik eskatu ezean... Hortaz, euskara lehenetsiko da, baina bezeroen eskubideak urratu gabe.
Iruditeria. Euskara erabiltzeko kanpainak egingo dituzte bi finantza erakundeek, kutxa automatikoetako mezuak euskaraz egongo dira, kartelen %75 gutxienez euskaraz jarriko dituzte...
Gazteak. Bost urte baino lehen, bi finantza erakundeek euskaraz bakarrik bidaliko dizkiete agiriak 30 urte baino gutxiagoko bezeroei; kontrakoa eskatzen badute, ele biz jasoko dituzte, euskara lehenetsita.
Uemako 38 herritan dituzte bi finantza erakunde horien bulegoak, eta herri horietako hautetsiek ere izenpetu dute hitzarmena. Bost urterako izango da, eta beste bost urtez luzatuko lukete ondoren.