Uemako kide bilakatuko dira Igantzi, Oñati, Getaria, Ondarroa eta Mañaria, etzi

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bere eguna ospatuko du larunbatean Goizuetan, egitarau zabal batekin

edurne elizondo
Iruñea
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Bost kide berri. Ondarroak, Mañariak (Bizkaia), Oñatik, Getariak (Gipuzkoa) eta Igantzik (Nafarroa) bat eginen dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin(Uema) larunbatean, erakunde horrek Goizuetan (Nafarroa) ospatuko bere egunean. «Bost herri gehiago, 24.000 herritar gehiago, guztion artean indar handiagoa eta aitzindari lana hobeto egiteko, euskal hiztunon eskubideen alde», erran du Maren Belastegik, Uemako presidenteak.

Euskaraz bizi eta ari, herri euskaldunak aitzindari lelopean antolatu dute larunbateko besta Goizuetan. Nafarroan ospatzeak badu herrialde horretako euskal hiztunen egoerarekin zerikusia, Belastegik salatu baitu Nafarroa hiru eremutan zatitzen duen legeak, oraindik ere, ez dituela herritar guztien hizkuntza eskubideak onartzen, eta eskubide horiek aitortzen direnean ere, herritarrek arazoak dituztela beren eguneroko bizitzan eskubide horiek gauzatzeko.

Etzi, goizeko 10:00etan eginen dute Uemako kideek batzarra, Goizuetako herriko etxean. Batzar horretara Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin, Soziolinguistika Klusterrarekin eta BERRIArekin egindako hitzarmenak eramanen ditu mankomunitateko zuzendaritzak. Uema erakundeko kideen arteko elkarlana suspertzeko sortu zela gogorarazi du Belastegik, baina erantsi du bertze elkarteekin ere bilatu behar dituela elkarlan aukerak. «Ezinbestekoa dugu».

Uemako presidenteak, halaber, mankomunitatearen lan ildoak zehaztea ezinbertzekotzat jo du. «Azken aldian Uema batik bat zerbitzu enpresatzat hartu dute udal askok, Uemako teknikariak, batez ere, udaletako euskara planak eta haien jarraipena egiten aritu direlako». Helburu nagusia bertze bat dela azaldu du: «Hizkuntza eskubideak aldarrikatu, eta eskubide horiek lortzeko lanean aitzindari izan behar dugu».

Belastegik argi du Uemak eredu izan behar duela hizkuntza eskubideen alorrean. «Arnasgune gisa dagokigun tratu berezia jaso behar dugu». Uemako herriek osatzen dituzten arnasgune horietan euskarak ekosistema zehatza duela nabarmendu du Belastegik: «Ekosistema horri esker bizi gara euskaraz bertako herritarrok, eta jasan ditzakeen erasoen aurrean erne egon behar dugu».

Ekitaldiak egun osoan

Batzarrarekin hasiko da larunbatean Uema Eguna, baina izanen da bertzerik: 11:00etatik 14:00etara haurrentzako puzgarriak; 11:30ean herriko etxeak ezagutzeko ibilaldia; eta 13:30ean eguneko ekitaldi nagusia. 14:30ean herri bazkaria eginen dute, 16:00etatik aurrera haurrentzako jokoak izanen dira berriz, eta 19:00etan dantzaldia. Gauez, berriz, kontzertua gaztetxean.

Goizuetako zinegotzi eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateko presidente Alaitz Eskuderok herritar guztiei egin die etziko besta egunean parte hartzera; Nafarroan dauden oztopoen gainetik, euskaraz bizitzeko apustua egin dezatela ere galdegin die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.