Bost herri berri onartu ditu gaur Uema Udalerri Euskaldunen Komunitateak: Gipuzkoako Zarautz eta Tolosa, Bizkaiko Lekeitio eta Munitibar, eta Nafarroako Lesaka. Bost udal horiek onartuta, Uema hemendik aurrera 69 udalek osatuko dute; 216.000 biztanle inguru bizi dira Euskal Herriko herri horietan.
Orioko kultur etxean batzar nagusia egin du mankomunitateak. 2011. urtean hasi zuten hausnarketa prozesua, eta barruko zein kanpoko eragileek parte hartu dute hausnarketa horretan. Gaurko batzarrean amaitutzat eman dute prozesua. "Indarberrituta" atera da mankomunitatea, gaur azaldu dutenez.
Mankomunitatearen helburua "euskararen normalizazioaren motore gisa parte hartzea" da, baita euskararen aldeko hizkuntz politika "ausart eta aurrerakoiak" egin eta eragitea. Aurrera begira, lau ardatz aipatu dituzte: euskarazko funtzionamendua bultzatzea, lurgunea mantendu eta zabaltzea, herri euskaldunen garapen jasangarria bultzatzea, eta erakunde eta gizarte eragileekin harremanak lantzea.
Hasieran Uema osatzen zuten herriak batez ere herri txikiak baziren ere, herri handiak sartu dira orain. Zarautz eta Tolosa, esate baterako.