Hilaren 20an egingo duten jardunaldian, ugalkortasunaren gaineko egungo datuak jakinarazteaz gainera, datu horiek aintzat hartuta gogoeta soziologikoa egingo dutela iragarri du Amurriok.
Amurriok berak eta Ane Larrinaga soziologoak Euskal Herriko demografia zertan den argituko dute. Gero, jakin beharreko datuak emango ditu Amaia Elizagarate Gaindegiako Estatistika Batzordeko arduradunak; datu horiekin Marta Luxan EHUko irakasleak prospekzio demografikoa egin dezan, jardunaldiarekin amaitzeko.
Guztira, hiru milioi euskal herritar
Gaindegia behategiak Euskal Herriko demografiari buruzko azken datuak ezagutzera eman dituiñigo bilbao
Bilbo
Euskal Herria hiru milioi herritar baino gehiago izatera heldu da aurten. Estatistika erakunde ofizialek emandako datuen arabera, 3.005.570 herritar bizi dira gaur Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroa Garaian, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Horrenbestez, historian izan duen biztanle kopururik handiena du une honetan Euskal Herriak.
Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak jakinarazi du datua. «Azken mendean herritarren kopurua ia hiru aldiz halakatu da Euskal Herrian». Xabier Isasi Gaindegiako lehendakariak, Mila Amurrio EHUko Soziologia I saileko irakasle eta katedradunak, eta Amaia Elizagarate soziologoa eta Gaindegiako Estatistika Batzordeko arduradunak agerraldia egin dute, datua eman eta horren gaineko xehetasunak emateko.
Lehenengo milioiaren muga XIX. mendearen amaieran gainditu zuen Euskal Herriak; bi milioiak XX. mendearen 60ko hamarkadan lortu zituen, eta hiru milioiak, berriz, XXI. mendearen hasieran.
Joan den mendean herritarren hazkunde iraunkorra izan zuen Euskal Herriak, 60ko hamarkadarako biztanleriaren kopurua bikoizteraino. Hazkunde horren atzean hainbat arrazoi egiaztatu dituzte Gaindegiako adituek: «Jendearen bizi-baldintzak hobetu ziren, bizi-itxaropena luzatu zen, 50 eta 60ko hamarkaden inguruan baby-boom-a gertatu zen eta, batez ere, garapen industrialaren ondorioz, immigrazio prozesu handia izan zen».
Ondoren, 1981. urtera arte goranzko joerak bere horretan jarraitu bazuen ere, urte horretatik aurrera igoera nabarmen hori eten egin zela egiaztatu dute. «Jaiotza kopuruak jaitsi egin ziren, eta immigrazioa eten». Sasoi horretan, gainera, Euskal Herritik kanpo joan zirenak etorritakoak baino gehiago izan ziren.
Mende berriarekin, baina, biztanleriak berriro ere goranzko joera hartu duela esan dute agerraldian Gaindegiakoek: «Ez 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetan bezain indartsu agian, baina goranzko bidea hartua du; eta hala izan da, batez ere azken urteetan jasotako etorkin berriei esker».
Herritar gehienak Bizkaian bizi dira, herrialde hori eta Gipuzkoa handitu baitira gehien azken mendean. Azken 25 urteetan, berriz, Lapurdi, Nafarroa Garaia eta Araba dira gehien handitu diren herrialdeak.
Euskal Herriko biztanleriaren bilakaera
Euskal lurretan zenbat lagun bizi ziren jakiteko egindako ikerketek biztanleriaren gorakada erakusten dute:Paleolito garaia. Behe Paleolito garaian Euskal Herri osoan emakumezkoak eta gizonezkoak bazirela frogatuta dago. Paleolitoan, Euskal Herrian bizi zirenak milaka batzuk baino ez ziren.
Neolito garaia. Barandiaranek egindako ikerketen arabera, 5.000 lagun bizi ziren Euskal Herrian. Hala ere, ikerketa berriagoek 10.000 lagun inguru biziko zirela adierazten dute.Euskal lurraldeak garai haietan ingurukoek baino dentsitate handiagoa zuen, eta biztanleria nahiko uniformeki banatua zegoen lurraldean zehar.
Brontze Aroa eta Burdin Aroa. 306 herrixka inguru zeuden Euskal Herrian. Kopuru hori mila urtean bere horretan mantendu zen, erromatarrak Euskal Herrira etorri ziren arte.
XIII. mendea. Nafarroako Erresuman ehun mila lagun inguru bizi ziren. Hala ere, ondorengo urteetan behera egin zuen biztanleriak gerrateen eta izurriteen ondorioz.
XVI. mendea. Heriotza tasa jaitsi egin zen, eta biztanleria nabarmen igo zen.
XVII. mendea. Euskal biztanleria asko gutxitu zen izurriteen eraginez, Gipuzkoako kostaldean, ordea, igo egin zen.
XVIII. mendea. Gipuzkoako biztanleria asko igo zen. Barnealdean, berriz, krisialdia nagusitu zen eta Arabak zein Nafarroa Garaiak biztanleria galdu zuten.
XIX. mendea. Euskal Herrian ia 900 mila lagun bizi ziren. Hortik aurrera, biztanleriak gora egin zuen.
XX. mendea. Garai honetan asko igo zen Euskal Herriko biztanleria, jaiotzak ugaritu eta heriotzak gutxitu egin zirelako. Euskal Herriko biztanleria, 1877an 925.371lagunekoa izatetik, 2.883.993koa izatera igaro zen 1991n.
XXI. mendea. Hiru milioi lagun bizi dira Euskal Herrian.
amaia elizagarate Gaindegiako Estatistika Batzordeko arduraduna
«Zuberotarrek Frantziara jotzen dute gehiago, Hegoaldera baino»
i. b.Bilbo
Estatistikan aditua da Amaia Elizagarate (Andoain, 1972). Soziologoa da. Berak zuzendu zuen Euskal Herria datuen talaiatik 2006 liburua, eta berak batu ditu demografiari buruzko azken datuak.
Zer garrantzi dauka hiru milioiko muga gainditu izanak?
Psikologikoa da gainditzen den muga. Hiru milioi garela esatea. Aurreko mugak noiz gainditu ziren aztertuz gero, ulertzen da garrantzia, gertakari demografiko, sozial eta ekonomikoekin izan zuten lotura ikusten delako. XIX. mende amaieraren industrializazioarekin lortu zen lehen milioia; eta XX. mendeko 60ko hamarkadan bigarrena, industrializazioa bete-betean zegoela, Espainiako etorkinekin eta baby-boom-arekin. Beti dago arrazoiren bat. Orain ere bai. Etorkin berriek zeresan handia dute hazkunde berri horretan.
Inoiz baino herritar gehiago dago, ugalkortasuna oso txikia da garai hauetan. Ez da hori kontraesana?
Ez. Batetik ugalkortasuna pixka bat altxatu delako eta, gutxi bada ere, horrek izan du eraginik. Baby-boom belaunaldikook, 30 urte inguru dauzkagunok, haurrak beranduago egiten ari gara. Baina, dudarik gabe, etorkinen auziak izan du hor eragina. Industriaren birmoldaketa eta krisialdiagatik, urteetan gehiago ziren Euskal Herritik alde egiten zutenak etortzen zirenak baino. Orain, berriz, emaitza positiboa izatera pasatu da.
Handitze hori orekatua izan al da lurralde guztietan?
Gurean ere lurralde batzuk hazi egin dira eta beste batzuk hustu. Historikoki bi milioiko muga hura gainditu zenean, Bizkaia eta Gipuzkoa izan ziren gehien hazi zirenak. Lapurdi, Araba eta Nafarroa Garaia ere bai, baina gutxiago. Aldiz, Zuberoan eta Nafarroa Beherean gutxitu egin zen populazioa. Azken 25 urteetan, eta batez ere azken tartean, Nafarroa Garaia, Lapurdi eta Araba dira gehien hazi direnak. Zuberoak herritarrak galtzen jarraitu du. Nafarroa Beherea hor dago, galdu ez baina irabazi gutxi; eta Bizkaiak eta Gipuzkoak, 1981etik 2001era, herritarrak galdu zituzten. Orain badirudi pixka bat irabazten ari direla, baina nahiko gutxi.
Immigrazioaren fenomenoa asko aipatu da, baina barne migraziorik bada?
Zaila da migrazio datuak lortzea, jasotzen ditugun estatistikak iturri ofizialek emanak direlako. Estatuen ikuspegitik eginak direnez, ez digute balio gauzak zertan diren argitzeko. Hondarribitik Hendaiara bizitzera doan herritarra immigrante atzerritartzat hartzen dute, eta, beraz, ez daukagu daturik barne migrazioa zenbatekoa den zehazteko, badela dakigun arren.
Esan daiteke hemen ere herritarrek nekazaritza guneak utzi eta hirietara jo dutela?
Hori bai, hori datuetan ikusten da. Batez ere aurreko mendearen lehen hiru laurdenetan egon zen mugimendua nekazaritza guneetatik industria garatzen ari zen tokietara. Nekazaritzari lotutako herri txikiak hustu, eta ekonomikoki indartsuak ziren udalerri handiak are handiago bihurtu ziren. Dena den, joera hori ere ez da berdina izan herrialde guztietan. Zuberoa eta Nafarroa Beherean, adibidez, emigrazio fenomenoa indartsuagoa izan dute immigrazioa baino.
Politikatik haratago, muga administratiboek muga izaten jarraitzen dute?
Migrazio datuak osatzeko ditugun mugak kontuan hartuta, ezin dugu hori baieztatu. Baina nire inpresioa da oraindik ere bi estatuen arteko mugak muga izaten jarraitzen duela, baita biztanleriaren mugimendurako ere. Zuberoara Paristik bezala, Hegoaldera Espainiatik etortzen da jende asko. Lapurdi izan daiteke salbuespena, Irun eta Hondarribitik jende asko joan baita Hendaiara. Alderantziz ere gertatuko zen, agian.
Nafarroa Beherea eta Zuberoatik alde egin behar duten gazteek, bestalde, oraindik Frantziara jotzen dutela gehiago esango nuke, Hego Euskal Herrira baino. Baditugu 1990-1999. urte arteko datuak, Ipar Euskal Herria zenbat jendek utzi zuen ikusteko. Nafarroa Beherean eta Zuberoan herritarren kopurua gutxitu egin dela esaten dugu, baina zenbakietan ageri dena baino gehiago galdu da, joan eta etorri direnen arteko aldea txikia bada ere, joandakoak dezente gehiago direlako. Zuberoan, epe horretan, 1.286 joan ziren, eta etorri, berriz, 1.156. Migrazioaren emaitza 90 pertsona gutxiagokoa dela esaten dugu, baina horrek ez du islatzen hor barruan egon den aldaketa guztia.