Kukutza III proiektuak Bilbon duen sostengua azaleratu zen atzo arratsaldean. Denok gara Kukutza lelopean, milaka lagunek ibili zituzten hiriburuko kaleak, 180 eragile sozial, politiko eta sindikalek baino gehiagok deituta. Joan den astean Errekaldeko gaztetxea hustu eta eraitsi arren egitasmoak bizirik dirauela aldarrikatu zuten. Antolatzaileen arabera, okupazio proiektu baten alde Euskal Herrian inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena izan zen atzokoa.
Kukutzaren arimari jarraiki, erresistentzia «positiboa, sortzailea eta baketsua» egin zuten atzo protestan bildutakoek. Asko mozorrotuta joan ziren, baita sudur gorriak jarrita ere. Kukutzaren aldeko banderan bezala, laranjaz janzteko deia eginda zuten antolatzaileek; Errekalderen «bihotza» deiturikoa irudikatuta duten elastiko ugari ere ikus zitekeen. Protesta zaratatsua izan zen atzokoa, eta txalaparta doinuak ere entzun ziren. Foru Aldunditik aurrera, Mamiki konpartsa feministaren perkusio taldeak hartu zuen parte martxan. Eskujoko saioak egin zituzten batzuek, etaantzerki txikiak ere irudikatu zituzten. Kukutzaren espirituari jarraituz dantzan amaitu zen manifestazioa, Zea Mays taldeak gaztetxeari eskainitako kantua jarri baitzuten bozgorailuetatik.
Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza eta udaletxea lotu zituen manifestazioak, hain justu, bi erakundeoi mezu zuzena helarazteko. Mobilizaziora deitu zuten taldeek Iñaki Azkuna alkatearen eta Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren dimisioa eskatu zuten: «Azken egunotan Bilbon zoritxarrez bizi behar izan dugunaren erantzuleak dira». Txistu ugarirekin babestu zuten eskaria manifestaziora bildutakoek.
Izan ere, Kukutzaren alde agertu ziren gizarte eragileek oso gogoan dituzte joan den asteko asteazkenean eta ostiralean batik bat Errekalden izandako une bortitzak. Ertzaintzaren «indarkeria eta basakeria» deitoratu zuten: «Kukutzaren proiektu sozialarekiko edozein elkartasun adierazpen eragotzi dute». Deitzaileek adierazi dutenez, auzoaren irudi bat dute buruan iltzatuta, «salbuespen eta setio egoerari» dagokiona, eta hura eragin zutenei erantzukizun politikoak eskatu dizkiete.
Hartara, eskubide zibilak urratzeaz gain, gertatutakoa «manipulatzea» eta gaztetxearekin agertutako elkartasuna «kriminalitzatzea» leporatu zieten agintariei. «Mundu ezberdin eta hobe batekin amets eginez, alternatiba sozialak eraikitzen dihardugun pertsonen eta mugimenduen aurkako jazarpena salatu nahi dugu», gaineratu zuten.
Atxilotu alemaniarrak
Joan den astean 60tik gora lagun atxilotu zituen Ertzaintzak guztira, gaztetxe barruan erresistentzian zeudenak zein kanpoan protestan ari zirenak batuta. Atzoko manifestazioaren deitzaileek «irizpiderik gabeko atxiloketetan» atzemandakoei inputazioa kentzea eskatu dute.
Dilijentziak egin bezain laster, atxilotu guztiak aske geratu ziren karguekin, baina bi espetxeratu egin zituzten. Brigadista alemaniarrak dira, gaztetxearen erresistentzia taldeetan parte hartzera etorriak. Desordena publikoak egotzita atzeman zituen Ertzaintzak iragan asteazken gauean, eta epaileak espetxean mantentzeko agindua eman du, «Espainian ez dutelako egoitzarik eta ihes egiteko arriskua dagoelako». Haiei sostengua adierazteko, elkarretaratzea eta asanblada informatiboa egin zituzten herenegun Bilboko Zazpikaleetan.
Uholde laranjak hartu ditu Bilboko kaleak, Kukutzaren alde
Protestara deitu duten ehundik gora gizarte kolektiboek Aresen eta Azkunaren dimisioa eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu