Urte luzez egokitu zaie Irun eta hondarribiako alardeei buruz idaztea, bai eta han ikusitako gatazka deskribatzea ere. Han bizitakoek eragindako galderei erantzuteko ahalegina da Alardeak, ukatutako plazara liburua. Hala zaldu dute egileek eurek Donostian egindako agerraldian.
"Normaltasun irudia ematen duten albisteak agertu dira sarri hedabideetan: bi desfile Irunen, emakumeek desfilatu ahal izan dute Hondarribian... BERRIAko erredakzioan uzkurtasunez hartu dugu beti mezu hori. Elementu gehiegi ikusi ditugu kontrakoa erakusten", azaldu du Arantxa Iraolak, eta nabarmendu du kazetaritza lana dela, "lan korala". Haren bidez gatazkaren alde guztiak islatzen ahalegindu dira, nahiz eta batzuetan ate itxien aurrean aurkitu: "Liburuaren amaieran zerrenda bat egin dugu ukatu zaizkigun elkarrizketekin".
Galderak erantzuteko prest egon direnak, hala ere, asko izan dira, alarde parekidearen aldekoak, antropologo eta irakasleak, legelariak eta baita Irun eta Hondarribiko herritar ugari ere. "Besteen tokian jartzeko ahalegina egin dugu".
Sei atal
Memoria ariketa bat eginez abiatzen da liburua. "Garrantzitsua zen guretzat gatazkaren bilakaera gogora ekartzea, kontatzea nola irabazi duten kalea milimetroz molimetro", azaldu du Maite Asensiok. Kontakizun hori alarde parekidearen aldeko aldarria zabaltzen aritu zirenen testiganetzekin egin dute.
Horren ondoren, gatazkaren jatorrira jo dute kazetariek, azalduz aldarria zabaltzen hasi zen hartan, 1990eko urteetan, zein aldaketa izan ziren bi herrietan, eta zein ondorio izan zuen testuinguru horretan emakume talde batek alardean soldadu gisa desfilatzeko egindako eskaerak.
Jarraian errepasoa egiten diete auziak epaitegietan egin duen bideari, agintari politikoen jarrerari eta gatazkak egunerokoan izan duen eraginari. Eta azken atalean konponbiderako urratsak izan dituzte mintzagai: "Prozesu bat bideratuz gero, konponbidea hurbil egon daitekeelako sentsazioa geratu zaigu, Hondarribian batez ere".
Asensiori eta Iraolari eginiko elkarrizketa argitaratu du gaur BERRIAk. Alardeak berdintasunaren esparruan gaizki doan guztia islatzen duela nabarmendu dute.