Ume lapurtuen auzia ikertzeko batzordea onartu du Nafarroak

Parlamentuko osoko bilkurak aho batez egin du ekinaldiaren alde; UPNk kritikatu du afera frankismoarekin lotzea

edurne elizondo
Iruñea
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Azken urratsa, eta azken baiezkoa. Batzordean hasi zuen bidea, eta osoko bilkuran amaitu du. Nafarroako Parlamentuak onartu du haur lapurtuen auzia ikertzeko batzordea osatzea, aho batez. Talde guztiek egin dute PSNk eta Bilduk aurkeztutako eskaeraren alde.

Batzuen eta bertzeen iritzietan dauden aldeak, hala ere, agerian gelditu dira haien diskurtsoetan. Bilduko Victor Rubiok frankismoarekin lotu du afera, eta iritzi horrekin bat egin du Ezkerrako Txema Mauleonek. UPNk, berriz, kritikatu du lotura hori egin izana. «Hutsalkeriatzat» jo ditu Javier Caballerok Rubioren hitzak. PPNko Eloy Villanuevak, berriz, ez du egokitzat jo haur lapurtuen auziaren zergatiak aztertzea. «Ez gaitezen has zergatien inguruko aurreiritziak mahai gainean jartzen; auzi hau erabilera politikotik at utzi behar dugu», erran du.

Bilduk, edozein modutan, eskertu du «Nafarroako eskuinak» batzordearen alde egin izana. Batzorde horren lana, hain zuzen ere, ikerketan aurrera egitea izanen dela azpimarratu du parlamentariak. «Osasunaren, politikaren, erlijioaren esparruko erakundeek haien esku diren baliabide guztiak erabili behar dituzte egia jakin dezagun».

Lapurtutako haurren familiek egia jakiteko duten eskubidea defendatu du, halaber, PSNko Maite Esporrinek. Horretarako, «denboraren eta isiltasunaren aurka borrokatzeko beharra dagoela» nabarmendu du parlamentariak. «Haurrak lagundu behar ditugu haien familiekin elkar daitezen; eta amei, haien seme-alabak aurkitzen lagundu behar diegu», gaineratu du.

«Giza arazoa»

UPNko eta PPNko ordezkariek bat egin dute Nafarroako SOS Haur Lapurtuak elkarteko familien saminarekin. Bi alderdi horietako ordezkarien ustez, haur lapurtuena «giza arazo bat da». UPNko Caballerok, hala ere, zalantzan jarri du Parlamentuko ikerketa batzordea eraginkorra izan daitekeenik.

Ezkerrako Txema Mauleonek, berriz, auziaren neurriari egin dio so. Egun ezagutzen diren baino anitzez ere kasu gehiago egon daitezkeela azaldu du. «Espainian 1960ko eta 1990eko hamarkaden artean bi milioi adopzio egin ziren. %15 izan daitezke haur lapurtuenak, hau da, 300.000 ume inguru».

Egoera horren aurrean, ikerketa batzordea martxan jartzea ezinbertzekotzat jo du Mauleonek, «auzia ahal den neurrian argitu ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.