Ume lapurtuen auzian ireki duten hilkutxan ez dago giza arrastorik

Medikuen gazak eta zapi bat soilik zeuden Donostian zabaldutako panteoiko hilkutxanSOS Haur Lapurtuak elkarteak tentuz hartu du berria, eta uste du egia bada agerian geratuko dela haurrak lapurtu egin zituztela

Okariz Sarrias sendiaren panteoia Polloeko hilerrian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
«Hilkutxan ez zegoen inolako arrasto biologikorik. Hala baieztatu didate bertan egon ziren auzitegiko medikuek». Legezko Medikuntzaren EAEko Institutukozuzendari Carlos Cuberok Radio Euskadin baieztatu du haur lapurtuen kasuen harira herenegun Donostiako Polloe hilerrian ireki zuten hilkutxan ez zela sekula gorpuzkinik egon. «Gorpuren bat egon balitz, gutxienez hezurren bat edo hortz zatiak egon beharko lukete. Baina ez da horrelakorik azaldu», ziurtatu du Cuberok. Horrenbestez, ezingo dute konparaketa genetikorik egin, eta Mercedes Okarizek, ustez lapurtu zuten umearen amak,beste bide batetik ekin beharko dio alaba aurkitzeari. Hilobian ezer aurkitu ez izanak familiarensusmoak baieztatu ditu.

Okarizek 1977koo uztailaren 3an izan zuen Rebeka alaba Donostiako Martin Santos klinikan. Zazpigarren seme-alaba zen. Bi kilo pasatxo pisatu zituen, eta medikuek haurra ondo zegoela esan zioten, «birika onak zituela». Amak ez zuen alaba ikusi. Izan ere, handik gutxira gaixo jarri zela esan zioten, eta Donostiako Ospitalera eraman zuten. Senarra egunero joaten zen alaba ikustera, baina jaio eta zazpi egunera hil egin zela esan zieten medikuek, eta haiekarduratuko zirela ehorzteaz. Aitak baino ez zuen ikusi ustez alabarena zen hilotza. Bitarte horretan irregulartasun handiak izan zirela salatu du familiak: adibidez, heriotza agirian jaio eta lau egunera hil zela esaten da, eta ez zazpi egunera, sendigileek esan zieten bezala.

Okarizek iazko apirilean jarri zuen salaketa, alaba lapurtu egin ziotela uste baitu. Hil egin zela esan ziotenetik izan du zerbait gertatu zen sumoa. Epaileak orain gutxi eman zuen hilkutxa irekitzeko baimena. Herenegun zabaldu zuten. Okariz «itxaropentsu eta urduri» zegoen. Baina oihal bat eta medikuen gaza batzuk soilik aurkitu zituzten.

Esku hartu ez arren, kasua gertutik jarraitu du Paco Etxeberria auzitegi medikuak. «Harrituta eta zer pentsatu jakin gabe» geratu da, hilkutxan gorpuzkinik ez zegoela jakin eta gero. Bi argudio erabili ditu hori arrazoitzeko. «Batetik, asko harritu nau gertatutakoak, batez ere hilkutxa panteoi batean zegoelako. Panteoien jabetza pribatua izanik, kontrola beti zorrotzagoa da. Jakina da, adibidez, zenbat aldiz eta zergatik ireki duten panteoia. Hilobi arruntetan mugimendua handiagoa da, hamar urtera atera egiten baitituzte gorpuzkinak. Kasu horretan ez da horrela. Jabetza pribatua izanda, hor geratzen dira. Normalean ez da mugimendurik izaten».

Bestetik, Etxeberriaren ustez,«ezinezkoa» da 1977tik hona gorpuzkinak desintegratzea. «Egia da denborarekin hilotzak degradatu egiten direla. Hemen ohikoagoa da hori, euria eta hezetasuna handiak direlako. Baina kutxan haur jaioberri bat egon izan balitz, hezur arrastoak egon beharko lukete; gutxienez gogorrenena, izterrezurrekoa. Degradatu arren, hezur horien arrasto bat geratzen da, beti:hondar pikor moduko batzuk, behintzat. Hortz arrastoak ere egon beharko lukete kutxan. Izan ere, jaiotzean hortzak matelezurretan daude gordeta, eta dagoeneko kaltzifikatuak daude. Hortzek duten esmalte hori oso gogorra da».

Familia, baieztapenaren zain

SOS Haur Lapurtuak elkarteak eta familiak atzo ez zuten oraindik albistearen baieztapen ofizialik. «Hori izan arte ez dugu balorazio ofizialik egingo, familiarekiko errespetuagatik. Familiak beti eskatu du uzkur jokatzeko. Hori frogatuko balitz, dena den, argi dago agerian geratuko litzatekeela hilabeteotan salatu duguna. Umeak lapurtu egin zituztela eta batzuek dirua irabazi zutela horren kontura», dio Amadelia Diazek, elkarteko kideak.

Datozen hilabeteetan beste hiruzpalau hilkutxa irekiko dituztela baieztatu diete auzitegiek. «Gainera, lapurreten karietara inputatutako hainbat pediatra, emagin, ginekologo eta erizain hasi dira deklaratzen. Pixkanaka ari gara bidea egiten». Dena den, iaz egindako DNA probek ez dute oraingoz emaitzarik eman. «Beste erkidego batzuetan lortu dute emaitzaren bat, eta espero dugu hemen ere senideren batzuk elkartu ahal izatea».

Etxeberriak argi du Fiskaltzak egia jakin ahal izateko bideak jarriko dituela abian. «Baina zaila izango da hori. Izan ere, kasu batzuetan, oraingoan bezala, arazoa izango da kutxetan ez dela gorpuzkinik aurkituko. Halakoetan, ezingo da alderaketa genetikorik egin». Txostenetan eta agirietan dauden hutsuneak nabarmendu ditu. «Garai hartan, erietxe eta epaitegietan egiten ziren txosten eta agiriak ez ziren gaur egun bezain zehatzak. Horrek guztiak katramilatu egingo du prozesua. Instrukzioa egiten ari diren epaileen lana zailduko du, eta auzibidea ondo joan dadin funtsezkoa da ikerketa ondo egitea. Frogak behar-beharrezkoak dira». Adibide zehatza jarri du: «Gaur egun, hilotz bat erietxetik hilerrira eramaten dutenean, datu guztiak jasotzen dira: ehorztetxearen izena, zein autotan eraman den, nork gidatu duen... Oso arautua dute guztia. Lehen, kontrol hori ez zen horren zorrotza, eta halako gauzak jakitea zaila izango da. Urte asko pasatu dira».

Gainera, iritzi dio kasuak ezin direla orokorrean aztertu. «Egoera bakoitza diferentea da, eta ezin dira denak zaku berean sartu. Kontu handia izan behar da horrekin».

Dena den, lanean jarraituko dutela berretsi du SOS Haur Lapurtuak elkarteak. «Gu ziur gaude horren atzean sare bat zegoela, eta ez dugu etsiko hori frogatu arte», dio Diazek.

Ireki duten bigarren hobia

Donostian herenegun zabaldu zutena ez da haur lapurtuen kasuen karietara ireki duten lehen hobia. Azaroan beste bat zabaldu zuten, Bilbon, eta alderaketa genetikoaren emaitzen zain daude.

Konparaketa hori DNAren bidez egiten da. Aztertzen duten DNA lagina diferentea da arrastoak edo gorpuzkiak egon. Hezurrak izanez gero, prozesua errazagoa da, eta azkarragoa. Bi kasuetan, dena den, fidagarritasuna %99koa da, adituek jakinarazi dutenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.