Umeengatiko diru laguntzak urte gehiagoan emango ditu Eusko Jaurlaritzak, eta, hiru seme-alaba edo gehiago dituztenen kasuan, umeek 11 urte egin arte ere jaso ahalko dute laguntza. Familiei laguntzeko plan berrian iragarri du neurria Gasteizko gobernuak, eta 2013tik aurrera jarriko du indarrean. Nolanahi ere, oharra egin du Jaurlaritzak: diru aldetik gobernua nola dagoen aztertuko dute garaia iristen denean, zenbateko laguntza eman erabakitzeko.
Hirugarren plana du Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiei laguntzeko. «Beste ikuspegi batzuk» kontuan hartzen saiatu dela jakinarazi du. 674 milioi euro baino gehiagoko diru saila izango du planak. Hainbat alor hartu dituzte aintzat, baina diru laguntzenak izango du garrantzi handiena: haiek ematera bideratuko dituzte iragarritako 674 milioietatik 607 pasatxo.
Betiere krisi ekonomikoaren ondorioz aldaketak izan daitezkeela ohartarazita, laguntza sistema zabaltzeko asmoa agertu du Jaurlaritzak. Jasotzeko urteak gehiago izango dira, eta eutsi egin diete zenbatekoei; hala, adibidez, lehen bi umeen kasuan 900 eurokoa izango da laguntza. Lehen bi umeen kasuan, haiek 4 urte bete arte emango dute diru laguntza—gaur egun urtebete egin arte ematen dituzte—; hiru ume edo gehiago izanez gero, 11 urtera arte jaso ahalko dute Jaurlaritzaren laguntza —6 urte bete arte ematen dute orain—. 2013an hasiko dira laguntzak ematen, eta zabalduz joango dira pixkanaka.
Beste erakundeei begira
Gainerako erakundeen babesa ere nahi du, ordea, Jaurlaritzak. Espainiako Gobernuari eskatu dio kide ugariko familiatzat jotzeko bi seme-alaba edo gehiago dituztenak, gurasoa bakarra izanda ere —orain, hiru umetik gorakoak hartzen dira ugaritzat—. Bestetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiei galdegin die neurriak hartzea lana eta familia uztartzea errazten duten enpresen alde; zerga salbuespenak egitea proposatu du. Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak ohartarazi du andreen gain uzten dela uztartzeko ardura, eta esan du hori aldatu behar dela.
Umeen babesa banaketa kasuetan ere bermatu nahi du Jaurlaritzak. Proposatu du seme-alabengatiko laguntza emateko agintzen duten epaien jarraipena egitea, eta betetzen ez dutenen aurka jotzea. Umeen ardura duenak laguntza jasotzea bermatzeko, diru funts bat sortzea aztertuko duela azaldu du Jaurlaritzak.
Jaiotako haurrengatik bezala, laguntzak emango dizkiete adoptatuengatik ere. Hain zuzen ere, nazioarteko adopzioak egiten dituzten elkarteentzat araudi berria onartu du Jaurlaritzak. Besteak beste, agindu die adopzioek sortutako gastuen berri emateko urtero, eta kasu egiteko bulegoa eta lan talde prestatua izateko.
Umeentzako laguntzak urte gehiagoan emango dituzte
Jaurlaritzaren planaren arabera, lehen bi umeen kasuan 4 urte bete arte emango du laguntza, eta gehiago badira, 11ra arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu