Ume lapurtuak. Hilobiak zabaltzea

Umerik gabeko beste kutxa bat

Itsasondon hutsik topatu dute 1977an ustez zendu zen ume baten hilkutxa, zabaldutako hirugarrena; inon ez zegoen giza arrastorikSalatzaileen iritziz, agerian geratzen ari da sare bat zegoela haurren lapurretaren atzean

Itsasondoko hilerria, atzo. Lurpetik hilkutxa bat atera zuten herenegun, baina barruan ez zuten ezer aurkitu. ARKAITZ APALATEGI / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Hirugarren aldiz gertatu da: ume batek hobiratuta behar lukeen hilkutxa zabaldu, eta giza arrastorik batere ez barruan. Itsasondon (Gipuzkoa) herenegun atera zuten hilkutxa hutsik zegoela baieztatu dio BERRIAri Carlos Cuberok, Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeko zuzendariak. 1977an hobiratu zuten han umea, paperek diotenez; ordea, ez da ezer agertu barruan. «Ezinezkoa da han inoiz inor hilobiratu izana», berretsi du Cuberok. Auzitegi medikuek gaur helaraziko diote txostena epaileari, ez baitaukate hilobian ezer ikertzekorik. Indar hartzen ari dira salaketak, eta hurrengo asteetan kutxa gehiago zabalduko dituzte; dozena bat eskari badauzkate eginda.

Bi ezkero, hirugarrena. Hala gertatu da ume lapurtuen auzian. «Emaitza berbera izan da hiru kasuetan: hezur arrastorik ez dugu topatu», azaldu du Cuberok. Derion (Bizkaia) hilobiratua behar zuen ume baten hilkutxa atera zuten lehenik, irailean; 1993an jaiotako haur batek egon behar zuen han, baina, ireki zutenean, trapu batzuk besterik ez zuten aurkitu. Joan den astean, berriz, Donostiako Polloeko hilerrian jaso zuten ezustekoa: osagileen gazak eta zapi bat soilik zeuden ume baten ustezko hilkutxan. 1977an zendutako haur batek behar zuen han, baina medikuek berretsi dute inor ez zutela sartu.

Ume lapurtuen auziak urratsa egin du azken asteetan. Dagoeneko ez baitira susmoak edo salaketa soilak; lapurreten frogak daude. Hori bera adierazi du EAEko fiskal nagusiak, Juan Calparsorok: «Delitu zantzuak berretsi dituzte hilobi zabaltzeek». Argiak direlako kasuak. Hala izan da azkena ere, Itsasondokoa: lurpean zegoen hilkutxa, eta, lurra kendu zutenean, egurra soilik azaldu zen; giza arrastorik ez zegoen. Auzitegiko medikuek diote inor hobiratu izan balute nahitaez izango zela arrastoren bat; hezurrek behintzat egon behar zuten. «Ez agertzeak baieztatzen du umerik ez zela inoiz egon», dio Cuberok.

Lapurreten salaketak indar hartzen ari dira, eta auzia lehen lerroan jarri da. Erakundeak hasi dira esku hartzen. Gipuzkoako Batzar Nagusiek adierazpen ofizial bat onartu zuten atzo; herrialde horretan pilatu dituzte salaketa gehienak. Batzar Nagusiek diputazioari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diete hartzeko neurriak ustez lapurtu zituzten umeen bila ari diren senideei laguntzeko. «Egia jakiteko eskubidea bermatu behar zaie». Diputazioariaholkularitza zerbitzu bat galdegin diote senideen bila ari diren familien esku. Ume lapurtuen auzia aztertzen segituko dute Batzar Nagusietan, giza eskubideen batzordean.

Salatzeko deia

Donostiako Udalak ere esku hartu du. Juan Karlos Izagirre alkateak bilera egin zuen atzo Okariz familiako alaba batekin eta SOS Haur Lapurtuak elkarteko ordezkariekin. Okariztarren panteoian zegoen aurreko astean hutsik azaleratu zuten hilkutxa; han hilobiratua zuten ustez 1977an zendutako umea, baina ez zen arrastorik. «Baikortzat» jo zuen bilera Cecilia Okarizek, hilkutxan behar zuen haurraren ahizpak. Laguntza hitzeman die Donostiako alkateak. «Ikerketa egitea nahi dugu, zer gertatu zen jakiteko; ez dugu nahi bere horretan ixtea auzia, azkeneraino ikertzea nahi dugu». Zalantzan daudenei DNA probak egiten hasteko eskatu die Okarizek.

Zeresana jarri dute azken asteetako albisteek, eta jendea hasi da elkarteetara jotzen. Nabaritu dute hilobiak hutsik agertu izanaren eragina: «Salaketen kopurua handitzen ari da, etenik gabe ari zaigulako jendea etortzen», azaldu du Amadeli Diazek. SOS Haur Lapurtuak elkartearen Gipuzkoako bozeramailea da.

Salaketa gehienak aurrera egiten ari dira, elkartearen esanetan. Orain arte Gipuzkoan jarritako 200 salaketetatik %10-15 artxibatu dituzte, frogarik ez dutelako aurkitu. Agiriak lortzea ezinbestekoa dela nabarmendu du Diazek: «1975 baino lehen eginiko abortuen paperak behar ditugu. Horiekin jar daitezke salaketak, eta frogatu ume horiek jaio zirela eta falta direla». Ikerketak hasteko, nahitaezkoa da agiriak izatea. Cubero: «Zantzuak eskatzen dira, oinarri bat. Arazo hori izaten ari dira familia salatzaileak».

Laguntza eskatu du elkarteak, bereziki zerbait dakitenena. Salatzaileak ziur baitaude jakinaren gainean egon behar zutela erietxeetako langileek eta sare antolatu bat zegoela atzean. Diaz: «Umeak salduz aberastu egin dira medikuak, eta dei egiten diet ospitaleetan lanean aritu direnei, irregulartasunik ikusi edo sumatu badute salaketa jar dezaten». Datu bat eman du egoeraren zentzugabearen adierazle: «1976an umeen %2 hiltzen ziren eguna bete aurretik Afrikan; Donostiako Arantzazuko Amaren ospitalean, %30».

Jasotzen ari diren tratuarekin kexu dira. Uste dute trabak jartzen ari direla zenbait talde, eta susmagarri zaie haien jarrera. Medikuen elkargoak eta era horretako taldeak aipatu dituzte; salatu dute muzin egin diotela lapurtutako umeen bila ari diren senideei laguntzeari. Horri aurre egiteko erakundeen laguntza «garrantzitsua» dela nabarmendu du Okarizek: «Esku hartu beharra daukate». Hori bera esan du auzitegi medikuntzako buruak: «Gu tresna bat soilik gara. Erakundeen esku hartzea behar da».

Nolanahi ere, kasuak ari dira ikertzen. Orain arte hiru hilobi zabaldu dituzte Euskal Herrian, eta Diazek jakinarazi du beste dozena bat eskari egin dituztela Gipuzkoan. Cuberok ere iragarri du hurrengo asteetan espero dutela hilerri gehiagotara joateko aginduak izatea. Salaketak pilatzen ari dira, eta epaileek hobi gehiago zabaltzeko aginduko dutela uste izatekoa da. Hala ere, Cuberok ez du arazorik espero: «Ahalmena badugu. Ez guztiak egun batean irekitzeko, baina baliabideak eta ezagutza baditugu aurre egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.