UMPk Jon Anzaren desagerpena eta heriotza estali nahi dituela salatu du Anza kolektiboak. Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeen karietara, Anza kasua ikertzeko, inkesta parlamentarioa osatzea eskatu zuen kolektiboak. UMPko hautagaiek, eta horien artean Michele Alliot-Marie Frantziako Barne eta Justizia ministro ohiak, ez diote erantzun kolektiboaren eskariari. «Anza kasuan UMPko hautagaiek adierazi duten isiltasuna eta, ondorioz, mespretxua salatu nahi dugu», adierazi du kolektiboak. Alliot-Mariek ez die erantzun ez kolektiboaren eskariari, ez familiak egindakoari.
Isiltasunaren bidez UMPko hautagaiek Alliot-Mariek Anza aferan duen erantzukizuna gorde nahi dutela dio kolektiboak. 2009an salatu zuen kolektiboak Anzaren desagerpena. Orduan Frantziako Barne ministroa zen Alliot-Marie. Bi aste geroago, mitin batera sartzean kasua argitzeko eskatu ziotelarik, Poliziak makil kolpeka eta negar gasak jaurtiz ohildu zituen manifestariak. Kolektiboak gogoratu dio Anzaren gorpuari hamaika hilabete beranduago egin zitzaiola autopsia, tarte horretan lau graduko tenperaturan atxiki zutelarik gorpua, identifikatu gabe. Gisa berean, familiaren konfiantzazko sendagileari ez zioten eman autopsian parte hartzeko baimenik. Orduan Frantziako Justizia ministroa zen Alliot-Marie.
Gauzapenaren zain
Ipar Euskal Herrian, zentroko eta ezkerreko alderdietako hautagai gehienek bat egin dute ikerketa batzorde parlamentario bat osatzeko xedearekin edo, bederen, Anzaren desagerpen eta heriotzaren inguruan egia osoa egiteko prozedurak sostengatzen dituzte.Bertzeak bertze, NPA, FG, PS eta EHBaiko hautagai guztiek sostengu osoa adierazi diote kolektiboaren eskariari, Alice Leiziagezahar Berdeak-Europe Ecologie koalizioko hautagaiak bezala. Kolektiboak azpimarratu du ez duela onartuko hauteskunde kanpainan egindako promesa horiek hutsean gelditzea, eta haien engaiamendua gauzatzea eskatzen diete hautagaiei, hauteskundeetan diputatu kargua eskuratzen badute.
«Kolektiboak gogoratu nahi die hautagai guziei beren erantzunak, eta bereziki erantzunik ezak, kontuan hartuko dituela». Hauteskunde garaiko erantzunak garrantzitsuak izan arren, ikerketa egingo duen batzorde parlamentarioa osatzea funtsezkoa dela azpimarratu du kolektiboak. Karia horretara, gogoratu die hautagai guztiei, eta bereziki PSeko hautagaiei, hautatuak izanez gero ikerketa batzorde parlamentarioa sortzeko eskaria Pariseraino, gobernuaren eskuetaraino, eramango dutela bermatzea.
Ikerketa batzorde parlamentarioa sortzeko prest dauden hautagai eta hautetsi guztiei eskatu die kolektiboarekin harremanetan sartzeko, aztertzeko nola ezar daitekeen plantan batzorde hori eta baita egin behar dituen urratsak. «Euskal Herrian gatazkaren konponbidean momentu historikoa bizi den unean, Anza kolektiboak egia osoa jakitea nahi du, baita Popo, Pertur eta Naparra kasuen ingurukoa ere».
UMPk 'Anza kasua' estali nahi duela dio kolektiboak
Jon Anzaren heriotza ikertzeko batzorde parlamentarioa sortzeko atxikimendua eskatu die komiteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu