Frantziako Poliziak Unai Fano eta Maria Lizarraga atxilotu zituen atzo goizean, Frantzia erdialdean, Loira departamenduan. ETAko azpiegiturako kide izatea leporatzen diete. Atxilotuei armak eta agiri faltsuak aurkitu dizkiete; lapurtutako bi autotan ziren. 08:00etan atxilotu zituzten, Trelins herriko oihan batean. Saint-Etienneko polizia etxera eraman zituzten, eta terrorismoaren kontrako dibisioak hartu du inkesta bere gain.
Unai Fanoren kontrako atxilotze agindua eman zuen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak joan den otsailaren 4an. Pernando Barrena eta Patxi Urrutia Batasuneko mahaikideak atxilotu zituztenean ahalegindu ziren Fano atxilotzen, baina ez zuten atzeman. Loiolako elkarrizketa prozesuaren inguruko hitzaldi batean parte hartu izana leporatzen dio Espainiako Justiziak. Azken negoziazio prozesuan ezker abertzalearen negoziazio taldeko kide izan zen Fano. Bilbotarra da jaiotzez, baina Hernanin bizi zen aspalditik.
Maria Lizarraga joan den ekainetik dago ihesean, polizia iturrien arabera. Iruñekoa da, 24 urte ditu, eta 2007ko Nafarroako foru hauteskundeetan Nafarroako Abertzale Sozialistak zerrendan aurkeztu zen, 14. postuan. Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko langileek elkartasuna adierazi diote Lizarragari, erakunde horretan lan egin zuelako.
Michele Alliot-Marie Frantziako Barne ministroak polizia txalotu zuen atxiloketak direla eta. Bi atxilotuak Poliziaren «aspaldiko ezagunak» direla esan zuen Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak, eta kale borrokarekin lotu zituen. Nolanahi ere, Fanoren kontrako atxilotze aginduak kale borrokarekin zerikusirik ez du eta Lizarraga atxilotzeko ez zegoen inolako agindurik. Bi ministroak gaur elkartuko dira, Toulonen.
PPk eta PSOEk polizien arteko «kolaborazio ona» txalotu dute.
Bestalde, Frantziako helegite auzitegiak Pedro Santesteban Goikoetxea Einstein euskal presoa Espainiara estraditatzea onartu zuen atzo. Santesteban 2000ko irailean atxilotu zuten, eta hamar urteko eta bederatzi urteko bi kondena bete ondoren (biak kondena bakarrean bilduak), hamabost bat egunen edo hilabete baten buruan estraditatuko dute. ETAko kide izatea eta armak, lehergailuak eta auto lapurtuak edukitzea leporatzen diote.
Unai Fano eta Maria Lizarraga atxilotu ditu Poliziak Frantzian
Loira departamenduan atxilotu dituzte, lapurtutako bi auto, armak eta agiri faltsuak zeramatzatela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu