Unai Hernandez atxilotu dute, kondena bete dezan

Ekineko kidea izatea leporatuta, zazpi urteko zigorra ezarri zioten; ezker abertzaleak salatu egin du atxiloketa

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak Unai Hernandez Sistiaga atxilotu zuen atzo Santurtzin duen etxean, haren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako kartzela zigorra bete dezan, lekukoek adierazi zutenez.

Hernandezi Ekineko kide izatea leporatu eta zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak. Epaia abenduaren 2an irmoa zela ebatzi zuten, eta handik aurrera Hernandez edozein moemntutan atxilotzea espero zuten.

Hernandez «militantzia politikoagatik» atxilotu, epaitu eta zigortu dutela salatu, eta manifestaziora deitu zuten atzo Santurtzin. Gaur izango da manifestazioa, 20:00etan.

Gernikako Akordioaren babesa

Epaia irmoa zela jakinda, Gernikako Akordioaren Santurtziko sinatzaileek babes osoa eskaini zioten Hernandezi, haren aurkako zigorra gaitzetsi zuten, eta nabarmendu zuten jardun politikoa ezin dela kriminalizatu pertsonak eta ideiak judizializatuz. «Ideia politikoengatik pertsonak kriminalizatzea onartezina da edozein une edo egoeratan».

Atzo, prentsa ohar baten bidez, ezker abertzaleak atxiloketa salatu zuen: «Euskal Herrian sortu den jokaleku berriak borondate eta jarrera eraikitzaileak behar ditu, bai eta salbuespen egoera gainditzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da errepresio eta jazarpen judizial eta polizial oro behin betiko etetea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.