PSEk hautagai bat baino gehiago izango du idazkaritza nagusirako, eta, beraz, hauteskunde primarioak egingo dituzte. Idoia Mendia egungo idazkari nagusiak jakinarazi zuen karguan jarraitzeko hautagaitza aurkezteko asmoa zuela, eta, Noticias taldeak argitaratu duenez, ez da hautagai bakarra izango. Unai Ortuzar ere lehiatuko da primarioetan.
Lemoako zinegotzi izan zen Ortuzar 2007tik 2015era. Ikusentzunezko ekoizepenean diplomaduna, EiTBko Nazioarteko Zabalkundeko zuzendari izendatu zuten 2010ean. Sare sozialetan, Pedro Sanchezen hautagaitza babestu izan du PSOEko primarioetan. Halaber, kritiko azaldu izan da PSE-EEren zuzendaritzarekin, EAJrekin eginiko akordioaz militanteei ez galdetzeagatik.
Kongresuranzko prozesua ekainaren 5ean abiatuko da; uztailaren 9an egingo dituzte hauteskundeak, eta irailaren 30ean eta urriaren 1ean egingo dute ohiko VIII. kongresua.