Unibertsitateak mozketekin ahultzen ez uzteko eskatu du EHUko errektoreak

Krisiari aurre egiteko tresna bat dela esan du Iñaki Goirizelaiak, eta laguntza eskatu die erakunde publikoei

Goirizelaia, Lopez eta Zelaa, atzo, Gasteizko ekitaldian. JUANAN RUIZ / ARP.
Erredakzioa
Gasteiz
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Iñaki Goirizelaia EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak unibertsitateei murrizketak egitearen aurka hitz egin du ikasturte hasierako ekitaldian. Atzo hitz egin zuen, Gasteizko Ingeniari Eskolan. Euskal gizartea dinamizatzen duen nukleo garrantzitsua da, gaur egun EHU, Goirizelaiaren esanetan. Murrizketak egiteak gizarte osoari kalte egingo liokeela ohartarazi du, eta unibertsitateak etenik gabe zaindu behar direla erantsi du. Ahultzen ez uztea galdegin du horrekin.

Duela urte batzuk EHUk 30 milioi euroko defizita zuela gogorarazi du Goirizelaiak. Azken urteetan «kudeaketa ekonomiko zorrotza eta zehatza» egin duela eta, beraz, gaur egun defizitik ez duela nabarmendu du Goirizelaiak. «Zorroztasuna, zehaztasuna, gastuetan neurrikoak izatea, gardentasuna, eta arduraz jokatzea izan dira gure ekonomia eta finantzen kudeaketaren ezaugarriak», azaldu du. Zehaztu du kudeaketa ahalegin hori egin duten unibertsitateak eta gainerakoak ezin direla mozketa berak egitera behartu.

«Ezin ditut babestu aurrera egitea oztopatzen diguten neurriak, beste unibertsitate edo administrazio batzuetan egoera dramatikoak izateagatik», erantsi du Goirizelaiak. Krisiari aurre egiteko denak ez duela balio eta EHU krisia konpontzeko tresna dela esan du, gizarteari egiten dion ekarpenagatik. Horregatik, erakunde publikoei eskatu die aurrera egiten laguntzeko EHUri: «Giltzarriak gara giza kapitala, kapital zientifikoa, kapital teknologikoa eta kapital ekintzailea sortzeko».

Unibertsitate komunitate osoari, Eusko Jaurlaritzari eta Hezkuntza Sailari esker ona agertu die Goirizelaiak, Isabel Zelaa sailburuari bereziki: «Zure agintaldian gure unibertsitatearekiko eduki duzun jarrera eta konfiantza eskertzekoak dira».

Zelaa ere ekitaldian izan zen atzo, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariarekin. Zientzian eta ikerketan inbertsioak egitea ez da «luxu» bat, Zelaarentzat. Lopezek gehitu du «kanpoko erasoetatik» eta murrizketetatik babestu behar dela hezkuntza. Lopezen esanetan, doikuntzak egitea beharrezkoa da, baina ez hezkuntzan.

Atzo, hain justu, EHUko administrazio arloko langileek protesta egin zuten, Leioan, murrizketarik ez egiteko eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.