Kontuak egiten hasita daude unibertsitateetan, nola eragingo ote dieten Espainiako Gobernuak aurkeztutako aurrekontu murriztaileek. Kolpe handia jaso zuten atzo EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak: Espainiako Gobernuak bertan behera utzi du Nazioarteko Bikaintasun Campus programa. Lehiaketa bat egin zuten unibertsitateen artean, eta EHUk eta NUPek lortu zuten lekua. Proiektuetarako dirutza agindu zieten; txorrota itxi du orain gobernuak, krisia ahotan harturik. Bi egunean bi kolpe jaso dituzte unibertsitateek: herenegun, Madrilek jakinarazi zuen %26 gutxituko dituela ikerketarako inbertsioak. Horrek zuzenean eragingo du unibertsitateetan.
Dirua zegoen jokoan bikaintasun izendapenarekin: Espainiako Gobernuak 600 milioi jarri zituen mahai gainean. Krisia hartu du ahotan plana bertan behera utzi izana arrazoitzeko Montserrat Gomendiok, Unibertsitateetako Estatu idazkariak; nabarmendu du interes tasa handia ordaindu beharra dagoela maileguak eskatzeko, eta horregatik zaila dela proiektuak aurrera eramatea. Beste asmo batzuk agertu ditu, hala ere: iradoki du unibertsitate gehiegiri eman zietela izendapena. «Onenei bakarrik eman behar zaie, eta bikaintasun kontzeptua ez da urtu behar eskatzen duten guztiei aitortuz». Baldintzak berrikusteko asmoa agertu du Jose Ignacio Werten ministerioak.
«Diru asko zen»
Ezustean hartu du erabakiak EHU. Hala jakinarazi zuen atzo arratsean kaleratutako ohar labur baten bitartez: «Baiezta dezakegu ez geneukala neurri horien berri». NUPen hartua zuten usaina, Txus Pintor errektoreordeak adierazi duenez: «Defizit muga bete ez zuten erkidegoetako unibertsitateei ez zietela laguntza emango esan ziguten». NUPek Espainiako lau unibertsitaterekin egina zuen proiektua, Campus Iberus izenekoa; EHUk, bakarrik, Euskampus izenpean. «Zenbakitan ez dakit, baina diru asko zen», ohartarazi du Pintorrek. Murrizketa gehiago hezkuntzan. «Egun batean bai eta hurrengoan ere bai, horrelako albisteak ditugu».
Eguneroko funtzionamenduan ez du eragingo plana eteteak, baina bai unibertsitatea garatzeko proiektuetan, Pintorren esanetan. EHUk berretsi du eutsi egingo diola Euskampus egitasmoaren barruan dauzkan ekimenei: «Proiektu estrategikoa da unibertsitatearentzat, eta zehaztutako helburuek jarraitu egiten dute».
Bikaintasun planean ez ezik, murrizketa gehiago egingo ditu Madrilek, baita beketan ere. Kendu egingo du Eskola 2.0 programa. Ez du eraginik izango Hegoaldean, Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ari direlako pagatzen. Plana «eraginkorra eta nahitaezkoa» dela esan du Jaurlaritzak, Espainiak auzitan jarri ondoren.
Unibertsitateko bikaintasun plana kendu egin du Wertek
Kolpea izan da EHU eta NUPentzat, ez baitute jasoko aginduriko dirua; ikerketako murrizketen eragina ere jasango dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu