Pastor
Darwin eta gu

Uniformea, himnoa eta bandera

2024ko urtarrilaren 20a
05:00
Entzun

Uniformea jantzi nuen txikitan. Edo uniforme moduko zerbait. Bata bat, eskolan eraman beharrekoa, urteen arabera kolorez aldatzen zena: berdea, urdina, Bordel kolorekoa –denak nahasita, ze bordela!–. Bata berdinak janzten genituen, baina ez ginen berdinak. Bagenekien nor zer zen eta nondik zetorren. Gelan aita ezezaguna zuenik bazela ere bai –pentsa, horrek garai haietan haurrari zer-nolako estigma ekartzen zion!–-. Edo ikaskide baten aita «sukaldaria» zela. Guk jatetxe batean zebilela uste, bai, baina usteak erdi ustel: etxean ari zen gizona. Bazkaria prestatzen zien egunero emazteari eta hiru seme-alabei, andreak kanpoan arrain saltzen ziharduen bitartean. Etxeko gizona etxekoandre. Semeak «sukaldaria» deitzen zion. Nor ausartuko zen orduan aitaren lanbidea «sus labores» zela esaten?
Haurrek uniformea nahitaez janzteko asmoa azaldu du Macronek. Marseillesa ereserkia ikasi beharra ere aipatu du, nazioa eta abar. Naftalina usaina, La France loriatsuaren garaiak gogoan –inoizko libururik laburrena Frantziako gerra heroiak biltzen dituena dela diote ingelesek–. Uniformea berdintasunaren ikurtzat jo du gure, gustatu edo ez, lehendakari jaunak. Asmoa gauzatuko ote den oraindik ez dago argi. Ikusiko.
Ez dira gutxi uniformearen aurka azaldu direnak. Izan ere, janzkera horrek, berdintasuna ekartzeko barik, desberdintasunak ezkutatzeko balio duela pentsa daiteke. Itxurak egiteko. Haurrek txikitatik dakite nor zer den, nahiz eta uniformea jantzi. Guk umetako eskola hartan bezalaxe. Gaztetxo baten tabletak, telefonoak, ordenagailuak edo zapatek gauza asko esaten digute haren jatorri sozioekonomikoari buruz. Edo oporrak non eta zenbat denboraz igarotzen dituen. Uda bizilekutik kanpo eman ez arren, igerilekuak berak salatuko du haren maila soziala. Gasteizen, esaterako, Mendizorrotzeko piszinan bainatzen diren umeek eta Estadiora joaten direnek badakite ez direla berdinak, ikasgelan uniformea jantzita ere. Horixe bera dakite beste hiriburu eta eskualdeetako haurrek, eskoletara arropa berdinak soinean badoaz ere.

«Ez dira gutxi uniformearen aurka azaldu direnak. Izan ere, janzkera horrek, berdintasuna ekartzeko barik, desberdintasunak ezkutatzeko balio duela pentsa daiteke».


Pobreziaren itzal txikienak uxatu egiten gaitu. Inork ez du gosea maite. Eta nola atsegin dugun erosotasuna! Baina noiz bihurtzen da erosotasuna erosokeria? Gizartearen isla da eskola. Isla eta ispilua. Herritar gazteenek etxean eta kalean bizi dutena ekartzen dute geletara. Zer ikusi eta huraxe ikasi. Uniformeak uniformizatu egiten ditu umeak, baina ez berdindu. Etxean duintasunez bizi eta garatzeko ezinbestekoak diren oinarri sozial eta ekonomikoak izateak, haurrak etika jakin batez jantziko dituenak, uniforme dirdiratsuenak baino berdintasun eta justizia handiagoak ezarriko ditu gizartean, itxurakeriatik haratago. Macronek kontrakoa sinetsarazi nahi digu, baina: uniformeak inposatzeaz gain, Marseillesa buruz ikastea ere agintzeko asmoa du. Selekzioko jokalariek aitzakiarik izan ez, eta himnoa harro eta garrasika kanta dezaten, antza. Casablancako Rick’s Café hartan legez. La France. La grandeur!
Gure aitona eta osaba Ipar Kataluniara joan ziren ihesi, gerra galdu ondoren. Bartzelonatik irten eta Pirinioen beste aldera ailegatu ziren, Le Perthus-en barrena, milaka eta mila errepublikanorekin batera. Frantsesek kontzentrazio-esparruetan pilatu zituzten iheslariak, hondartzetan. Aitona eta osaba Saint Cyprien-en izan ziren –Sant Cebrià, katalanez–. Han gorriak pasatu zituzten gorriek. Haien azalak maite zituzten zorriek. Platerkada bat bi lagunentzat. Txarrena, tratu umiliagarria. Zaindari senegaldarrek ogi puskak botatzen zizkieten lurrera, barreka. Iheslarietako batzuk borrokan hasten ziren, irinezko puska hura zeinek hartuko. Osabari, gazte-gaztea izaki, bi aukera eman zizkioten frantsesek: Indotxinara joan atzerritar legioarekin ala Espainiara bueltatu. Argi erantzun zien: nola tratatzen zuten ikusita, nahiago zuen Francoren kartzeletara joan Frantzia eta Frantziaren bandera defendatu baino. Aitona ez zen inoiz itzuli.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.