Uniformean identifikatzeko zenbakia bistan izango dute ertzainek

Herritarrek poliziak identifikatu ahal izatea baina polizien segurtasuna bermatzea lortu nahi dute

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Alderdi politikoek aho batez onartu dute Aralarren legez besteko proposamena: aurrerantzean, ertzainek identifikazio zenbaki profesionala agerian izan beharko dute, edozein herritarrek ikusteko moduan. Proposamenarekin herritarren zein ertzainen segurtasuna lortu nahi dutela azaldu du Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak. Batetik, herritarrek ertzainak identifikatu ahal izango dituzte, zenbaki horren arabera; bestetik, ertzainek zenbaki profesionala uniformean eramango duten arren, kode bikoitz bat edukiko dute, ertzainek beren segurtasuna berma dezaten. Nolanahi ere, ageriko zenbakiak poliziak identifikatzeko balioko du.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Batzordean aurkeztu zuen proposamena Aralarrek, atzo. «Gure gizarteetan ohikoa da herritarrak kalera jotzea, protesta egitera eta mehatxaturik sentitzen dituzten eskubideak defendatzera», Basaberen hitzetan. Sarritan, manifestazio horiek «Poliziaren begiradapean» egiten direla oroitarazi du, istiluak ere gertatzen direla tarteka, «eta pertsonak kolpatuak izaten dira».

Egoera horietan, auzibidera jo nahi dutenek ertzainak identifikatzeko modurik ez dutela oroitarazi du Basabek. Ondorioz, «gura beste salaketa» jartzen direla edo, bestela, salaketa gehienak artxibatu egiten direla adierazi du Basabek: «Horregatik eta gardentasunak eskatzen duelako salaturikoa ikertzeko, salaketen atzean zer dagoen argi izateko guztiok, ezinbestekotzat jotzen genuen Ertzaintzak zenbaki profesionala bistan izatea».

Polizia batzuetan, ohikoa

Beste Polizia batzuetan ohikoa da zenbaki profesionala agerian izatea: Kataluniako mossoek eta Espainiako Poliziako kideek hala egin behar izaten dute, esaterako. Identifikazio zenbaki profesionala, bestalde, behar duten guztietan alda dezakete poliziek, baldin eta segurtasun arazoak baldin badituzte. Herritarrek metro batera ikusteko moduan eraman behar dute zenbakia, uniformean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.