Nafarroako eremu mistoko eta eremu erdalduneko umeek, ikastetxe publiko batean euskaraz ikasi ahal izateko, egunero kilometro asko egin behar dituzte. Garraioa, gainera, gurasoek ordaindu behar izaten dute. Haurrek euskaraz ikasteko eskubidea izatea nahi duten zenbait gurasok eta Sortzen Ikasbatuaz taldeak Alberto Catalan Nafarroako Hezkuntza kontseilariarekin bilera egin zuten atzo, Hezkuntza Departamentuko kontseilariaren bulegoan. D ereduan ikasteko aukera bermatzeko eskatu zioten. Erantzuna ezezkoa izan zen. Betikoa: legeak ez du onartzen eremu erdaldunean euskaraz irakastea. Sortzeneko kideek eta bilerara joan ziren gurasoek konponbidea lortu arte Catalanen bulegoan itxita geratzea erabaki zuten. Ez ziren luze egon. Foruzainei hots egin zien Catalanek, eta bota egin zituen.
Nafarroako herri eta auzo guztietan euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu du Sortzen Ikasbatuaz taldeak ekimen honekin. Arellanoko, Artaxoako, Iruñeko Donibane auzoko, Mendigorriako eta Tuterako gurasoekin batera egin zuten Aberto Catalanekin bilera. Batzarraren helburua herri eta auzo guztietan euskaraz ikasteko eskubidea bermatzekokonpromisoa lortzea zen. Eremu mistoko eta erdalduneko umeek euskaraz ikasteko orduan dituzten «zailtasun» handiak ekarri zituzten gogora,eta konponbide bat eskatu.
Euskararen Legea aipatu zuen Catalanek eremu erdaldunean euskarazko eredua ez jartzeko argudio moduan. Sortzeneko kide eta gurasoek, ordea, Noaingo adibidea hartu zuten ahotan: eremu erdalduneko herri horretako ikastetxean D eredua eskaintzea lortu dute herritarren lanari esker. «Catalanek esan digu hori ezinezkoa dela, legeak ez duelako onartzen. Orduan, UPNko gobernua prebarikatzen ari ote den galdetu diogu, eta esan digu ez dutela horrelakorik egin».
Hezkuntzako Departamentuko bulegoan bilera egin zuten bitartean, Sortzen Ikasbatuazeko, ELA, LAB eta EILAS sindikatuetako eta EHE eta AEK taldeetako kideak eta beste hainbat guraso eraikinaren aurrean egon ziren, elkarretaratzean. Euskaraz ikasteko eskubidea auzo eta herri guztietan leloa ardatz hartu zuten. Bitartean, Hezkuntza Departamentuko atearen bi aldeetan bost foruzain egon ziren.
12:30ean sartu ziren D ereduaren aldeko mugimenduko ordezkariak Catalanekin bilera egitera. Hezkuntza kontseilariak behin eta berriro errepikatu zien legeak ez duela onartzen euskarazko eredua eremu erdaldunean. Ezezko erantzun irmo hori ikusirik, eta kontseilariaren konpromisoa lortzeko helburuarekin, Catalanen bulegoan ixtea erabaki zuten Sortzen Ikasbatuazeko ordezkariek. «Kontseilariak jakinarazi digu legea ez bada aldatzen ezin dutela ezertxo ere egin. Baina guk esan diogu ez ginela joango baiezko eta konpromisozko erantzuna eman arte», azaldu du Nestor Salaberria Sortzen Ikasbatuazeko ordezkariak.
14:00etan aterarazi zituzten foruzainek Hezkuntza Departamentutik, Catalanen baiezkorik eta konpromisorik gabe. «Foruzainak etorri dira, ateratzeko esan digute, eta joan egin gara. Gurasoen artean emakume haurdunak daude eta ez genuen arazorik izan nahi», ekarri du gogora Salaberriak.
Euskaraz ikasteko eskubidea bermatzen bada beste hainbat onura ere izango direla dio Sortzen Ikasbatuaz taldeak. Izan ere, umeek «kanpora» ikastera joan behar izaten dutenez, landa eremuko ikastetxe asko ixten ari dira. Nafarroa osoan ingelesez ikasteko eskubidea izatea eta, aldiz, euskaraz ikasteko eskubidea ez izatea «harrigarria» dela nabarmendu du Salaberriak. «Euskaraz ikasteko eskubidea nahi dugu, ingelesez egiten den modu berean».
Baikor direla dio, gainera; Nafarroan D ereduan aurrematrikulazioak %10 igotzeak Nafarroako gizartearen nahia erakusten duela uste du. «35 urte hauetan egindako lorpen guztiak herritarren gogoaz lortu dira». Eremu erdalduneko umeen joan-etorriekin ekonomikoki lagundu ahal izateko, Mendigorrian apirilaren 10ean egingo den jaian parte hartzeko gonbita ere egin du.
UPNk berriro ukatu du D eredua eremu erdaldunean
Sortzen Ikasbatuaz taldeko kideek eta guraso talde batek ezezko biribila jaso dute Alberto Catalanekin egindako bilera bateanKontseilariaren bulegoan geratu dira konponbide eske, baina bota egin dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu