UPNk eta CDNk gehiengoa galdu dute, eta Nafarroa Bai bigarren indarra izan da

Bozen %95 zenbatuta, PSNk du giltza gobernua osatzeko, eta EAE-ANVk bozen %5,1 lortu ditu

joxerra senar
2007ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Gorabehera handiko gaua izan zen atzokoa, baita oso lehia handikoa ere. Bozen %95 zenbatuta,UPNk eta CDNk gehiengoa galdu zuten gutxigatik. UPNk 132.000tik gora boz lortu eta 22 eserlekuko ordezkaritza eskuratu du, eta, ondorioz, foru hauteskundeetako garaile atera da. Baina garaipen gazi-gozoa izan liteke, batetik, gobernukide izan duen CDNk bi eserleku lortu dituelako eta, batez ere, aurreko agintaldian baino eserleku bat gutxiago lortu duelako. Eserleku hori giltzarria zen berriro ere aurreko agintaldiko gobernua errepikatzeko. Zenba-keta oraindik %100eko ez izan arren, D'Hont legearen arabera, eserleku hori lortzeko 2.017 bozeko aldea kendu behar zion PSNri, eta oso zaila zuen alde hori murriztea.

Nafarroako bigarren indar izateko lehia ere oso-oso estua izan zen, hala boz kopuruari nola eserlekua kopuruari dagokionez. Azkenean, alde txiki bategatik,Nafarroa Bai koalizioa PSNri gailendu zitzaion, baina bi alderdiok hamabina eserleku lortu dituzte Foru Parlamentuan.

NaBairi, guztira, 74.517tik gora herritarrekeman diotebabesa, eta hirugarren geratu den alderdi sozialistak baino 4.000 boz gehiago eskuratu ditu. Aurreko Foru Parlamentuan egungo NaBai koalizioan daudenek, hau da, EA, Aralar eta EAJ alderdiek 8 parlamentari zituzten, eta horrek esan nahi du 2003an baino lau eserleku gehiago lortu dituztela. Duela lau urte baino 20.000 boz inguru gehiago eskuratu dituzte, eta bozen portzentajea %17,8tik %23,6ra igo. Patxi Zabaletak Tres Reyes hotelean nabarmendu zuen NaBai Nafarroako bigarren indarra dela. «Eta lehen indarra izango gara», agertu zuen anbizioz.

Aurretik inkestek erakusten zuten jokalekua errepikatu da, eta Nafarroako gobernurako giltza PSNk izango du. Oso alde estuarekin hirugarren geratu arren, Fernando Puras hautagaiak eskuratutako 70.300dik gora bozek erabakiko dute zer kolorek osatuko duten exekutiboa, UPNk eskainiko dion itunari baietza emango dion edo Nafarroa Baik eta Ezker Batuak osatutako alternatiba baten alde egiten duen.

Miguel Sanz UPNko hautagaiak berretsi zuen gaur bertan hitz egingo duela sozialistekin horretarako. «Denborak esango du zer gertatzen den», gaineratu zuen. Purasek, atzoko agerraldi publikoan, zalantza hori ez zuen batere argitu. UPNk eta Nafarroa Baik erakutsitako poza azaleratu gabe, Nafarroaren «gobernabidearen eta egonkortasunaren» alde egingo duela aipatu, eta nafarren «heldutasun demokratikoa» goraipatu zuen.



EAE-ANV, LAUGARREN INDARRA. Nafarroako Foru Parlamenturako emaitza ofizialetan EAE-ANVk ez zuen eserlekurik lortu, Auzitegi Gorenak eta ondoren Konstituzionalak zerrendak inpugnatu zituztelako. Dena den, guztira, 16.000tik gora boz baliogabe zenbatu ziren, boz kopuru guztien %5,1. Duela lau urte, boz baliogabeak %6,5 izan ziren. Hain zuzen ere, nahiz eta ezin izan duen gainontzeko alderdiak bezala bozetara aurkeztu ahal izan, boz kopuru horrekin litekeena da Nafarroako Parlamentuan 2 eserleku lortu izana.

Nafarroako Ezker Batuak eta CDNk berriz bina eserleku lortuko dituzte, eta, 2003koekin alderatuta, bi alderdiek bina eserleku galdu dituzte. Ion Errok NEBko hautagaiak PSNri dei egin zion sozialistek osatutako gobernu bat osatudezan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.