UPNk «logikoa eta posible» ikusten du PSNrekin itun bat egitea

UPNren gobernuaren edozein alternatibak Bilduren botoak behar dituela nabarmendu du Garcia Adanerok

Erredakzioa
Iruñea
2012ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Nafarroako gobernabidea eta etorkizun politikoa hizpide izan da egunotan alderdi politikoen artean. Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak bota zuen lehen harria, joan den asteazkenean. «Hauteskundeen ondoren, ezin da baztertu PSN, Geroa Bai eta Ezkerraren arteko gobernu bat», adierazi zuen orduan Roberto Jimenezek. Besteak beste, hurrengo egunean Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak erantzun zion, eta atzo, Carlos Garcia Adanero UPNko idazkari nagusiak.

Garcia Adanerok ez du posible ikusten Roberto Jimenezen formula. UPNren gobernuaren edozein alternatibak Bilduren parte hartzea behar du. «PSNk gobernatu nahi badu, ezinbestean Bilduren botoak behar ditu», adierazi du Carlos Garcia Adanerok. Hortaz, Garcia AdanerokUPNren eta PSNren arteko elkar ulertzearen alde egin du. Nafarroaren egonkortasunaren alde bi alderdi horiek ituna egitea «logikoa eta posible» da UPNko idazkari nagusiarentzat. «PSNrekin akordioa egitea da egingarriena, sozialistek Nafarroari buruzko ikusmolde berdina dutelako». Halaber, hauteskundeak aurreratzearen kontra azaldu da. «Orain hauteskundeetara deitzeak kostu gehigarria dakar.Hauteskundeetako emaitzek toki berean jarriko gaituzte: edo UPNk gobernatuko du, edo Nafarroa elkargo gisa desagertzea nahi dutenek gobernatuko dute».

Barrenaren erantzuna

Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak Twitter sare sozialaren bidez erantzun zien Roberto Jimenezen adierazpenei. PSNeko idazkari nagusiak proposaturiko gobernu formula, Barrenaren iritziz, 2007ko aukera izan zen. «Aldaketa aritmetikoaren aukera alferrik galdu du PSNk, eta egun ez dago alternatibarik lideratzeko tenorean. Bakarrik abertzaleek eta ezkerreko jendeak gidatu dezakete orain Nafarroak behar duen aldaketa». Halaber, Barrenak gogorarazi du «UPN-PSN ereduak» hondoratu duela ekonomikoki Nafarroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.