UPNk utzitako ondare “etsigarriaren” inbentario zehatza

Nafarroako foru komunitateari buruzko eztabaidan, administrazioan topatu zuten egoeraren nondik norako guztiak banan-banan azaldu ditu Uxue Barkosek.

joxerra senar
2016ko urriaren 27a
07:23
Entzun

“Zerekin topo egin genuen gobernuaren egoitzara iritsi ginenean?”. Orain arte galdera horri modu orokorrean erantzun dio Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak, baina foru komunitateari buruzko osoko bilkurara arte gorde du informazioa, banan-banan xehatu baititu nondik norako guztiak. "Non zegoen Nafarroa administrazioa planifikatzeko orduan? Hitz bakarrean laburbiduta, ikaragarria da".

Lehenik, finantza errealitateari so egin dio. 3.323 milioi euroko zorrarekin topo egin zuen gobernuak, eta horri gehitu behar zaio 2030era arte urtero 64 milioi euro ordaindu behar direla itzalpeko bidesari bidez garai oparoetan eraikitako azpiegiturak finantzatzeko. Horri lotuta, “diru sarrerak gehien jaitsi direnean” urtero estatuari egindako ekarpena 100 milioi euro igo da (%20). “Foru altxortegia erabat hutsik zegoen: 2007an 1.200 milioi euro zegoen altxortegian, eta gobernura heltzean, 50 milioi baino ez”.

Barkosek jarraian garapen ekonomikoa hartu du hizpide: “Alor horretan, adibidez, ezin gara kexatu ondareaz, ez baitugu ezer jaso, baina ez guk, bereziki Nafarroako gizarteak baizik. Aurkitu genuen foru gobernuak ez zuela industria proiektu bakar bat bultzatu ere egin”. Haren esanetan, Moderna plana “desagertua” zegoen, eta Nafarroa eskualde estrategiarik gabe; ikerketa eta garapenean plan teknologikoa garatu gabe; enplegu planik gabe; Interneteko banda zabalen eta industria, lanbide heziketa, enpresa inbertsioen ataletan “inongo planik gabe”.

Osasunean aurkitutako egoera “dramatikoki etsigarria izan zen”, Barkosen esanetan. “Aurrekontuetan eta gestioan izandako utzikeriak osasun publikoa praktikoki eraitsi du”. Haren esanetan, itxarote zerrendak “onartezinak” ziren, teknologia zaharkitua, profesionalak desmotibatuta, ebaluazio sistemak garatu gabe, gaixoek bere iritzia emateko inkestarik gabe… Eta horri guztiari aurre egiteko planik gabe.

Hezkuntzan abiapuntua zen behin-behineko langileak irailetik ekainera kontratatzea hilabete batzuk aurrezteko, "berdin zitzaien seme-alaben hezkuntzaren ardura duten profesionalen egongaiztasuna". Ikasle ratioak ere iraultzea egokitu zaiela aipatu du, eta lehen aldiz urte askoren ondoren lan eskaintza publikoa egin dutela. Barkosen arabera, PAI programaren hazkundea "esponentziala eta antolatu gabea" izan da; behin-behinekoen zerrenda ez da antolatu; elkarbizitza planik ez da egin...

Eskubide sozialen alorrean, "larrialdi egoera erabatekoa" zen. Haren esanetan, gizarteratzeko errentan gobernura heldu eta berehala 28 milioi jarri behar izan dituzte. Gogorarazi duenez, UPNren gobernuak enplegu babestuan %50 murriztu zuen, menpekotasun laguntzak %25 murriztu eta hura bateragarri egiteko diru sariak kendu... Ez da ezer planifikatu 2005etik gizarteratzearen alorrean, ezta 2002tik haur eta nerabeen sektoreetan ere.

Euskararen atalean, "ez da egon inongo borondaterik euskararen legea garatzeko", ezta planifikaziorik egin ere. ETB emititzeko konponbiderik ez da bilatu. Elkarbizitzaren atalean izandako planifikazio falta "bereziki izugarria" izan da. "Frankismoaren ondorengo 40 urteetan ez da sekula sortu egiturarik bake eta elkarbizitza bultzatzeko". Udalak finantzatzeko aurrekontu nahikorik ez zegoen, eta "berehala sei milioi euro jarri behar izan genituen".

Lehen sektoreari dagokionez, Europako Batasunak finantzatu beharreko 2014-2020 Landa Garapen Programaren deialdia "egiteko" zegoen, eta hartara Europatik jaso beharreko 100 milioitik gorako aurrekontua larriki murrizteko arriskuan. "Berehala aurre egin behar izan genion egoera horri". Hain justu ere, Isabel Elizaldek Jose Javier Esparza UPNko egungo liderraren eskutik jaso zuen departamentu horren ondarea.

Kultura eta kirol arloetan ere "hondamendia" topatu zutela salatu du Barkosek. Kirol federazioaren eta administrazioaren artean gatazka zegoen 2013tik, "eta ez da erraza izan hori bideratzea". Nafarroko Orkestra Sinfonikoari buruz, berriz, haren bideragarritasuna "arrisku larrian" zegoen, eta iraupena, jokoan. Haren esanetan, 60 milioitik gora euroko kostua izan duen eta egun erabilerarik ez zuen Navarra Arena pabiloiak islatzen du egoera. "Inoiz ez zen pentsatu zertarako erabiliko zen. Besterik gabe, egin zen, xahutu zen dirua, baina ez zen pentsatu".

Ia bi ordu iraun duen hitzaldiaren lehen zatian jasotako ondareari egindako erreferentziak bereganatu du arreta guztia: "Jasotako ondarearen aipamenaren ukazioa erabiltzen dute baliabide parlamentario modura, ez dutelako nahi inork gogoratzea beren erantzukizuna", azpimarratu du Barkosek. "Errealitatea nik azaldu dudana da, eta horri aurre egiten saiatu gara lehenbiziko urte honetan".

Ia bi orduko hitzaldian, euskara eta gaztelera tartekatu du Barkosek. Amaieran aipamena egin dio laster osatuko den Espainiako Gobernuari. Ez du sartu nahi izan PSOErekin gertatu denaren inguruan eta Mariano Rayoyren inbestiduraren inguruan. "Funtsezkoa da Madrilen mahaiaren bestaldean solaskide bat izatea". Aldez aurretik badaki PP izango duela aurrean, Ciudadanosen babesarekin, eta hori autogobernuarentzat mehatxu izan liteke: "Irmoak izango gara Nafarroaren interesen defentsan. Ez dut onartuko urrats bat atzera".

PSNri eskua luzatu dio aldaketaren gehiengora bat egiteko. Dena den, ohartarazpena igorri dio: "Ezin daiteke zalantzarik izan, ezta iraganeko garaiak oroitaraz ditzakeen posizio taktizistarik hartu ere".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.