UPNren «negozio sare guztia» desegitea proposatu du Aralarrek

Jimenezek salatu du krisi larria izan arren Parlamentua lozorroan dagoela eta jarduerarik gabe bozak arte

Aralarreko Aritz Romeo eta Txentxo Jimenez, atzo, alderdiaren Iruñeko egoitzan. LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI  PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Maiatzaren 22an izango dira udal eta foru hauteskundeak, baina Aralarrek eta Nafarroa Baik ez dute bozetako emaitzak ikusi arte itxaron nahi. Txentxo Jimenez Aralarreko Nafarroako koordinatzaileak atzo Iruñean aldaketaren aldeko eragileei ohartarazi zien proposamenak zehazten hasi behar dutela. Hala, NaBairen hainbat proposamen aurreratu zituen. «Lehenik, eskuinaren negozio sare guztia desegitea proposatzen dugu, baliabide publiko asko xurgatzen dituelako». Jimenezek gogora ekarri du krisiaren ondoren zerbitzu publiko guztietan gastu murrizketak egin diren bitartean, «ukitu ez den arlo bakarra» UPNren inguruko sare hori dela: «Helburu argirik ez duten bere fundazio horiek, bere enpresa publikoak edo diru publikotik bizi diren sindikatu horiek».

Jimenezen arabera, Nafarroa Baik proposatuko du erakunde publikoen oinarrizko printzipioa austeritatea eta eraginkortasuna izatea, eta gobernuaren politiken ardatza pertsonak izatea, «batez ere benetan gaizki pasatzen ari diren pertsona horiek». Era berean, zerga eta ekonomia arloetan egungo politikari alternatiba egingo dioten politikak defenditu ditu, enplegu publikoa sustatuz eta, diru azpiegitura erraldoietan gastatu ordez, «autonomoei eta enpresa txikiei lagunduz». Defenditu du beharrezkoa dela NaBaik «aldaketaren lidergoa» hartzea.

Aralarreko ordezkariak esan du Nafarroako Parlamentua «lotan» eta «noraezean» dagoela uneotan. Hurrengo bi hilabeteetan osoko bilkura bakarra egingo dute, 2011ko aurrekontuak onartzeko. «Beste gairik ez da jorratuko», kritikatu du. «Egoera hain larria izanik, onartezina da», gaineratu du, eta arduradun egin ditu UPN eta PSN. Krisiari aurre egiteko orduan, porrot egin dutela iritzi dio, hala Nafarroa 2012 planarekin nola azken bi urteetako Renove planarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.