Urak apaldu dira; beldurra, ez

Urte erdi da uholdeek Euskal Herria astindu zutela: kalteak konpontzen ari dira oraindik, eta badago etxera itzuli ezin duen jendea ereAseguruen partzuergoak 42,6 milioi pagatu ditu ordainetan; 60 bat izango direla uste du

Hernani. Txalakako bidea, urak erabat estalita, azaroaren 6ko argazki batean; auto baten goiko aldea ozta-ozta ageri da. Eskuinean, herenegungo argazki bat. GARI GARAIALDE / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Iltzatuta daukate irudia: euria goian behean, etenik gabe, eta ura, kaleetan eta etxeetan, dendetan eta tabernetan, sartu eta sartu. «Oraintsu euria egin du egunetan segidan, eta denok izan dugu bihotza eztarrian. Beldurra beti izan dugu, eta orain, gehiago». Asteburu honetan da urte erdi aspaldiko uholderik handienak izan zirela Gipuzkoan. Martutene aldeak jasan zuen okerrena, eta oraindik etxera bueltatzeko dago egoera azaldu duen andrea, Maite Fernandez. «Obrak ez dira hasi ere egin». Haren bizilagunak ere etxetik at daude: hamabi sendi. «Hiru hilabete egin genituen udalaren larrialdiko pisu batean, baina epea bukatu zen, eta geure kabuz topatu genuen etxe bat. Auzoan bertan gaude, alokairu batean». Euren dirutik ari dira guztia pagatzen. «Ez dugu ezer sinatu, eta ez dugu dirurik ikusi».

Euritsua izan dela apirila, baina hil osoan baino askoz ur gehiago pilatu zen azaroan bi egunean. Belauntza (Gipuzkoa) hartuta adibidetzat: apirilean 142,9 litro jaso dituzte metro koadroko; azaroaren 5ean eta 6ean, berriz, 315,5.

Hondamen handiak eragin zituzten euriteek, batez ere Urumea eta Oria ibaien inguruetan. Bi lagun hil ziren, Irunen (Gipuzkoa) eta Derion (Bizkaia), urak eramanda; Donostian soilik, 2.400 pertsonak baino gehiagok jasan zituzten kalteak; eta dozenaka etxe, saltoki eta enpresa urpean geratu ziren, erabat hondatuta.

Aseguruen partzuergoa ari da kalte-ordainak ematen asegururen bat zeukatenei. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.434 eskari jaso dituzte uholdeetan izandako kalteak direla eta; haietatik 4.676, Gipuzkoan. Gehienei erantzun diete jada: Gipuzkoan, ordaina jaso dute 4.472 kasutan. Autoen eta etxeen ordainak daude aurreratuen —%99 inguru dauzkate pagatuta—; atzeratuen, berriz, enpresak —%81 pagatuta—. 42,6 milioi eman ditu jada partzuergoak EAEn; horietatik 35,9, Gipuzkoan. Uste dute 60 bat milioi beharko dituztela dena pagatzeko.

Guztiek ez dituzte jaso, ordea. Eta itxaropenik ere apenas duten. «Komunitate osoak ordaindu beharko dugu obra. Inork ez du hartzen ardurarik, eta guk pagatu beharko dugu», esan du Fernandezek. Hura bezala, ezkor daude baserritarrak ere. Iñaki Goenaga, ENBA elkarteko presidentea: «Egoera honetan, zailtasunak ari dira jartzen kalte-ordainak jasotzeko. Nekazari batzuk beren dirutik ari dira kalteak konpontzen, eta ez dakite ordainik izango ote duten». Gipuzkoan 40 bat nekazarik jasan zituzten kalte handiak.

Nafarroan, oztopoak gehiago

Bestelakoa da egoera Ipar Euskal Herrian. «Hondamendi eremu izendatzeko galdera onartu zuen prefetak. Enpresendako eskatu genuen laguntza, haiek baitzuten desfaserik handiena», azaldu du Beñat Arrabitek, Arrosako (Nafarroa Beherea) auzapezak. Sei herriri eman zieten izendapen hori.

Hartuko lukete Nafarroan horrelako laguntza. «Berehala hasi ginen bilerak egiten gobernuarekin, baina bizkar eman digute. Hamar euroko aurrekontua zuten larrialdietarako», salatu du Pablo Miranda Goizuetako alkateak. Nafarroako iparraldeko herriek, kalteak jasan zituztenek eta haiei babesa azaldu dietenek, agerraldi bat egin zuten orain aste batzuk; kontuak eskatu zizkioten gobernuari. «Geroztik, prentsaren bidez jakin dugu 88.000 euroko sail bat jarriko dutela. Oso-oso eskasa izango da, eta oso berandu dator». Minduta daude alkateak.

Eta Iruñeko gobernuaren jakinarazpen batek are gehiago sumindu du Miranda: «Ibaian zaborra pilatu da, eta garbitzeko agindu digute, bestela zigor dosier bat irekiko dutela». Auzolanean garbituko dute goizuetarrek, hilaren 19an, larunbatarekin. Udaleko langileek bai baitute lana errekan hasi gabe ere: «Mendi bide asko daude Goizuetan, eta makina koskor batekin aritu dira. Udalak pagatu du guztia, eta nire aurreikuspena da gobernuak ez duela erantzungo. Haientzat amaituta dago uholdeen auzia». Datorren astean joango dira berriro Iruñera, agiriak aurkeztera.

Martuteneko lanak, hastear

Gipuzkoako ibaietan amaitu dituzte uholdeen ondorengo larrialdiko obrak, URA agentziako zuzendari Iñaki Urrizalkik jakinarazi duenez. Martutene ingurua dute orain begitan hartuta; horrelako hondamendiak saihesteko, proiektu bat egiten ari dira. «Azken urtean zeharo aurreratu da, eta bukatzear dago», esan du Urrizalkik. Uholdeek bistan jarri zuten Urumea ibaiaren inguruan lanak egiteko beharra. Bizilagunekin harreman etengabean daudela azaldu du Donostiako Udalak; aste gutxiren buruan aurkeztuko dute larrialdi plan berria.

Egoera onera egiten ari dela dio herriko etxeak: lehen unean dozenaka eta dozenaka herritarri egin behar izan zieten kasu, eta 21 familiari larrialdiko pisuak jarri zizkieten. Inork ez du jarraitzen pisu horietan, baina guztiak ez dira etxeetara itzuli. Auzoan, berriz, indar egiten segitzen dute. Jendea ari da lanean, Maite Fernandezen hitzetan: «Ni ez naiz sartu talde berrian. Nire indar guztiak behar izan ditut hiru aldiz aldatzeko etxez eta nire familia aurrera ateratzeko. Horretan dago nire indar guztia. Oso gogorra izan da dena galtzea; oraindik barneratzen ari gara zer galdu genuen eta orain nola segitu behar dugun aurrera».

Horretan ari dira teknikariak. Martutenen, zubi bat eraitsiko dute, zabalago eta garaiago bat jartzeko; gainera, bi pasabide aldatuko dituzte, eta ibai bazterrak zabalduko, ur gehiago kabitzeko. Ingurumenean izango duen eragina eta obrarako epeak aztertzen ari dira, URAko buruaren arabera.

Herrigunea oker zabaldu zuten inguru horretan, behar ez den lekuan eraiki zuten, eta horren ondorio dira uholdeak. Urrizalki: «Iraganean eraiki izan da eremu arriskutsuetan, eta, hainbatetan, oso arriskutsuetan; esaterako, Urumea arroan. Etorkizunean ezin dugu utzi halakorik berriz gertatzen». Etxe batzuk bota egin beharko dituzte, «ingurukoentzat uholde arriskua murrizteko». Auzoan zain daude, iragarpen horiek noiz beteko. Fernandez: «Hitzak egon dira, mahai gainean daude proiektuak, baina hemen behintzat ez da ezer mugitzen».

Gainerako lekuetan ere ari dira neurriak hartzen. Arrosan, adibidez, ibai bazterrak garbitu dituzte dagoeneko, urari bidea egiteko. Goizuetan, komeriak dituzte horretarako ere. Alkatea mintzo da: «Ibaietako eskumena ez da gurea. Ur konfederazioarekin bildu nintzen, eta esan nien zubiek ahalmen gutxi daukatela ura pasatzekoeta, gainera, uholdeen ondorioz zuhaitzak pilatuta daudela. Erantzun zidaten ezin ditugula atera, onak direlako ekosistemarentzat». Erreketan behar adina lan ez delakoan egiten, kexu agertu ziren alkateak uholdeen ostean.

Prebentzioari gero eta garrantzi handiagoa ematen zaiola nabarmendu du URAko zuzendariak. «Garrantzitsua da gaurko kudeaketa, eremu arriskutsu berriak ez sortzeko eta hirigintza garapen berrien segurtasuna bermatzeko». Aitortu du, hala ere, obrak obra, ezingo dutela arriskua desagerrarazi: «Urumeako planarekin nabarmen hobetuko da segurtasuna, baina ezin da bermatu zero arriskua». Esperantza du Arrabitek, halako euriterik aldi batean ez egiteko; Fernandezek, berriz, beldurra: «Orain egingo balu, berdin-berdin harrapatuko gintuzke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.