Iragan uztailaren leheneko Euskal Elkargoaren biltzarrean gai nagusi bakarra aipatu zen; idorte planaren aurkezpenarekin, ura zen ardatz nagusia. Uraren kontsumoa, batetik, agortzen ari den baliabidea izanik, aurrezteko manerak ikertu baititu Emmanuel Alzuri Bidarteko auzapeza buru duen taldeak. Prezioa, bestetik: gaur egun ur edangarriak 575 prezio desberdin ditu Ipar Euskal Herrian, eta, 2028. urtean, tarifa “harmonizatua” kausitzeko helburuz, agorriletik prezio gorakada izanen da eskualde anitzetan, urratsez urrats denentzat ber prezioa izan arte.
Testuingurua begi bistakoa da: klima aldaketak argi utzi du ura ez dela agortezina. Gogoan ukan zuten, joan den urteko idortearen ondorioz, Ortzaize eta beste herri batzuen ur eskasia, kamioietan garraiatuz konpondu zutena. Sareko uraren %75 kontsumitzen duten partikularrentzat, berriz, gutiago kontsumitzeko aholkuak proposatzen ditu planak, hala nola minutu bat aurreztuz dutxan erabili ur kantitatea %10 jaitsiko litzatekeen, besteak beste.
Urgentziak ekarri kudeaketa neurri batzuk, halere, kritika iturri izan dira hautetsi batzuentzat; Gisa horretako neurriek, Mixel Esteban Baionako hautetsi berdearentzat, “herritarra hobendun sentiarazten” dute. Eta, oro har, “anbizio eskas handia” aipatu zuen Estebanek biltzarrean, eta azpimarratu eraikuntza berrientzat ez dela neurri inposatzailerik, beste lurralde batzuetan bezala, euri urak biltzea bortxatuz.
Ikusi gehiago:Kontsumo handietan arrangurak
Hautetsien ohar edo kritikei aldian aldi erantzun zien Alzurik; eraikuntza berrietan euri ura biltzea behartzeko, haren erranetan, “ibilbide administratiboa bururaino eraman behar da ikusteko nola egingarri bilakatu”; legea errespetatuz, alegia. Idorte garai hauetan golf zelaiak ureztatzea ere kritikatu zuten bi hautetsik, baina Alzurirentzat ez da arazo larria; batetik, Bidarteko auzapezaren erranetan, bakarra delako “ureztatua ur edangarriaren saretik”, eta besteen kasuan ere urtean 700 metro kubiko direlako baliatuak “lau pertsonako familia baten batez besteko kontsumoa 120 metro kubiko” direlako.
Berdintasuna prezioan
Eztabaida handiena piztu zuen puntua tarifen “harmonizazio” urratsen aurkezpena izan zen. 2020an onartu ziren Elkargoan 2026. urteari begirako ur edangarriaren eta ur garbitzearen prezioak, baina Maider Aroztegi Biarritzeko auzapezak batzorde iraunkorraren izenean argitu duenez, “inbertsio eta entretenimendu karguak etengabe igotzen dira, eta irabazi batzuk desagertu dira. Egoerak ezin du ekarri kontuen orekarik”, eta, beraz, prezioak goratuko dira agorrilaren lehenetik aitzina, elkargoan hala bozkatu baitzuten azken biltzarrean. Etapa desberdinetan heldu nahi lukete 2027an edo 2028an prezio bakar batera Ipar Euskal Herriko erabiltzaile guztientzat.
Ur gehien partikularrek kontsumitzen badute, bi talde profesionaletan uraren kontsumoaren parte handi bat partekatzen dute: %14 laborantzan eta %10 industrian. Azken horien dudak partekatu zituen Peio Etxeleku Kanboko hautetsi eta industrialariak, eta laborarientzat sortzen diren dudak behin eta berriz errepikatu ziren, testuinguruan kokatuz idorte garaiak eta harriak eragin azken desmasiak ere.
Ikusi gehiago:Datuak
Laboraria ere badenez, Herve Dameztoi Lekorneko auzapezak zehaztu zuen prezio emendaketak 1.300 euroko gastu gehigarria ekarriko diola etxaldera. “Kostaldetik Zuberoako muturreraino nahi duzue kontsumitzaileek ber prezioa paga dezaten edateko, komunetan erabiltzeko, igerileku bat betetzeko ala kabalei emateko”, harritu zen Dameztoi. Hazleentzat ur edangarria ezinbestekoa dela erran zuen Patrick Etxegarai FDSEAko ordezkari landibartarrak, eta gehitu ondorioak aztertu behar liratekeela laborariei prezioak emendatu aitzin.
Larraineko errealitatea aipatu zuen Ximun Akozeberrik, eta zehaztu prezioan berdintasuna xerkatzen bada ere, ezin dela kausitu biztanleak oro berdintzea, kokapen geografikoagatik, Larrainen zerbitzu guztietatik urrun direlakoan: “Nola egin dezakegu gure herriko apaltze demografikoa borrokatzeko, jakinez herrira bizitzera jinez beste lekuetan baino diru gutiago irabaziko dela, kilometro gastu gehiago izanen direla eta zerbitzuak beste lekuetan bezala pagatuko ditugula?”, galdetu zuen; ez zuen arraposturik ukan.
Batzorde iraunkorreko hautetsiek hitzeman zuten tarifikazio sozial bat ere plantan emateko proposamena eginen dutela ondoko biltzarrean. Hiriburuko auzapezarentzat, Alain Iriartentzat, horri itxoin gabe ere behar litzateke “laguntza bat izan zailtasunak dituztenentzat; bereziki, emendaketa gehienik pairatuko dutenentzat”.