Uribe Kostako 11 gazte auzipetuak ez direla ETAko kide dio orain fiskalak

Sute, mehatxu eta kalte delituak leporatzen dizkie Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak orain

Erredakzioa
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
ETAko kide izatearen akusazioa atzera bota du Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak kale erasoen auzian auzipetutako Uribe Kostako hamaika gazterentzat. ETAko bi talde osatzea egozten zien fiskalak hasiera batean, baina akusazio hori bertan behera utzi du. Orain, sute, mehatxu eta kalte delituak leporatzen dizkie Fiskaltzak auzipetuei hainbat banketxeren, EAJren batzoki baten eta PSE-EEko zinegotzi baten etxebizitzaren aurka ustez erasoak egiteagatik.

Auzipetuen artean daude Jon Rosales eta Zigor Goikoetxea. Bi horientzat bi urteko kartzela eskatu du kale erasoengatik. Aldiz, hamabi urteko espetxe zigorra —zigor eskari handiena— Mikel de Gregoriorentzat. Gainera, lehergailuak izateagatik hasiera batean eskatzen zuen zigorra ere jaitsi egin du fiskalak: sei urtetik lau urtera.

Era berean, Segi, Jarrai eta Haikako dokumentazioa, ETAren agiriak, euskal presoei bideratutako euskarazko galdetegia, pistolak eta munizioa atzeman zutela dio poliziak miaketetan.

Iruñerriko gazteak, auzitegira

Iruñerriko hamaika gaztek ere Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkeztu beharko dute urriaren 4, 5, 6, 17, 18 eta 19an Segiko kide izatea egotzita epaiketa egingo dietelako.

Auzipetu horiei elkartasuna adierazteko hainbat gazte eragilek adierazi dute 2007tik aurrera 214 gazte atxilotu dituztela Euskal Herri osoan, eta horietatik 79 Iruñerrikoak direla. Gainera, atxilotutakoek «torturak» jasan dituztela ere salatu dute, eta hori inkomunikazioak bideratzen duela gaineratu dute.

Hori hala, Espainiako Estatuak gazte independentisten aurkako «apustu errepresiboa bere horretan» mantentzen dutela azaldu dute.

Hori dela-eta, gazteek «antolatzeko eta erabaki politikoetan parte-hartzeko» eskubidea dutela esan dute. Bizi duten egoera salatzeko, Iruñeko alde zaharrean larunbatean egingo duten kalejiran, igandetik aurrera eta aste osoan zehar Nafarreria plazan antolatutako Aske Gunean, eta Eleak mugimenduak urriaren 1erako Iruñean antolatutako manifestazioanparte hartzeko deia egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.