Uribe Kostako 11 gazteek ukatu egin dute kale erasoetan parte hartu zutela

Auzitegi Nazionalean atzo hasitako epaiketan zazpi eta hamalau urte arteko espetxe eskaerak egin ditu fiskalak

Erredakzioa
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Kale erasoetan parte hartzea eta ETAko kide izatea leporatuta, Bizkaiko Uribe Kostako 11 gazte epaitzen hasi ziren atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean. Gazteek ukatu egin zituzten beren aurkako akusazioak, eta adierazi zuten ez direla etakideak eta ez dutela kale erasorik egin. Atzoko saioan, akusatuek ez zieten erantzun fiskalak egindako galderei. Euren abokatuen galderei erantzutean, berriz, ukatu egin zituzten beren aurkako akusazioak. Gaur eta bihar ere izango dira auzi saioak.

Fiskaltzak zazpi eta hamalau urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu gazteen aurka, atxilotu zituztenean polizien aurrean beren buruak erruduntzat joz egin zituzten deklarazioak froga bakartzat hartuta. Guztira, 128 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak akusatuentzat. Kartzela zigorrik handiena Mikel de Gregorio eta Josu Rodriguezen aurka eskatu du fiskalak: 13 urte eta 11 hilabeteko espetxe zigorra bakoitzarentzat. Aner Mimenzaren aurka, berriz, bederatzi urteko espetxealdia eskatu du. Gainerako akusatuentzat zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du. Hainbat gazteren aurka 12.000 euroko isuna ere galdegin du fiskalak.

2007ko urrian izan zen gazteen aurkako polizia operazioa, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Garzonek hiru ez beste guztiak espetxeratu zituen orduan, eta egun, aske dira bermea ordainduta. Inkomunikatuta eman zituzten egunean pairatutako torturen ondorioz poliziek nahi zutena esanarazi zietela salatu zuten orduan auzipetuek. Hain zuzen ere, polizien aurrean egindako deklarazio horiek epaiketa egiteko froga bihurtu dira.

Elkarretaratzeak

Eleak mugimenduak deituta, epaiketaren aurkako elkarretaratze bat egin zuten atzo iluntzean Getxon (Bizkaia), Telletxe plazan. Gaur eta bihar ere antolatu dituzte protesta bilkurak, toki berean. Eleak mugimenduaren esanetan, gazteen aurkako beste epaiketa politiko bat da Uribe Kostako gazteen aurkakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.