Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortu egin ditu Uribe Kostako bi gazte, «bake soziala hankaz gora jartzeko helburuz lehergailuak egiteko tresnak» gordetzea egotzita. Haiekin batera epaitutako beste bederatzi lagunak absolbitu egin ditu. Irailean epaitu zituzten 11 lagunak, ETAko kide izatea eta kale erasoetan parte hartzea egotzita. Haietako batzuk bi urte egon dira preso behin-behineko egoeran.
Eleak mugimenduak salatu egin du Josu Rodriguez eta Mikel Gregorio zigortu izana, eta beste bederatziak absolbitzea berri pozgarria dela adierazi arren, salatu du «independentziaren aldeko lana» egiteagatik eta «aldaketa politiko eta sozialaren aldeko konpromisoa izateagatik» zigortu nahi izan dituztela. «Bi horien kontrako zigorrak ez du inolako zerikusirik egozten zaienarekin».
Akusazioaren oinarri bakarra inkomunikazioan egindako deklarazioak direla salatu zuten auzipetuek epaiketaren aurretik eta epaiketan bertan, eta torturak salatu zituztela ekarri zuten gogora. Alfonso Guevara epailea buru duen epaimahaiak nahiko arrazoi ikusi du Rodriguez eta Gregorio zigortzeko, baina gainerakoen kasuetan dio haiek inkomunikazioan egindako deklarazioek ez dutela errugabetasun presuntzioa urratzeko besteko indarrik, deklarazio horiez gain «benetako zantzuak» ez badaude, eta halakorik ez dagoela gaineratu du.
Mobilizazioen garrantzia
Eleak mugimenduaren irudiko, «argi gelditu da epaiketa politiko hauen kontrako mobilizazioa zenbat eta handiagoa izan, legez kanporatzeen eta ideien kontrako jazarpenaren aurkako oihua zenbat eta ozenagoa izan gero eta aukera gehiago izango ditugula Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku hartzea gelditzeko».
Hala, indarrak areagotzeko deia egin du Eleak-ek.
Uribe Kostako bi gazte zigortu dituzte, eta beste bederatzi absolbitu
Eleak-ek salatu du independentziaren alde lan egiteagatik zigortu nahi izan dituztela 11 auzipetuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu