Euskal presoak

Uribetxebarria askatzea erabaki du epaileak, baina preso jarraituko du

Erabakia irmoa izan arte ez dute askatuko, gaixotasun larria duen arren. Ostegunera arteko epea dute aldeek helegitea jartzeko«Indarkeria goratzeko ekitaldietan» parte hartzea debekatu dio epaileak, besteak beste

Oihana Elduaien - Hodei Iruretagoiena
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Josu Uribetxebarria libre uztea erabaki du Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Hala ere, ez da aske aterako gutxienez bost lanegun pasatu arte, helegiterako aukera dagoelako —datorren osteguna—, eta epaia irmoa izan arte ez dutelako askatuko. Libre uzten dutenean ere, baldintza zorrotzak bete beharko ditu. Uribetxebarriak giltzurruneko minbizia du, eta baldintzapeko askatasunerako eskubidea du.

Epaileak «arrazoi humanitarioak» argudiatu ditu Arrasateko presoa libre uzteko, «pertsonen duintasuna» mantendu behar dela eta baita «duintasunez hiltzeko eskubidea» ere. «Gizaki batentzat, bizitzako azkeneko zatia da psikologikoki eta fisikoki aurre egiteko zailena», dio, eta gaineratzen du Uribetxebarriak delituak egiteko «arrisku txikia» dagoela. Hala ere, aske ateratzeko baldintzak jarri dizkio: ezingo du biktimen eta haien familien etxebizitzetara gerturatu, «indarkeria goratzen den edo zilegitasuna ematen zaion manifestazioetan modu aktibo edo pasiboan» parte hartzea debekatu dio, eta baita «zentzu horretako» adierazpenak egitea ere.

Castrok hartutako erabakiaren kontrako helegitea jartzeko aukera dute orain aldeek, eta jartzen badute, Zigor Salak hartuko du behin betiko erabakia —Aurreneko Aretoko bost epailek deliberatuko dute, Fernando Grande-Marlaska buru dutela—. Bost lanegun dituzte helegitea jartzeko, alegia datorren ostegunera arteko epea. Jartzen ez badute, epaia irmoa izango da, eta jartzen badute gehiago luzatuko da behin betiko erabakia hartzeko epea. Fiskaltza Uribetxebarria libre uztearen kontra azaldu da aste honetan.

Espainiako Zigor Kodearen 92. artikulua aplikatu du Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Castro epaileak, Uribetxebarria aske uzteko. Artikulu horrek argi esaten du gaixotasun larriak dituzten presoek baldintzapeko askatasunerako eskubidea dutela, «jasankizun sendaezinak» baldin badituzte. Eta Uribetxebarriaren egoera hori dela ez dago dudarik. Hala diote Osakidetzaren mediku txostenek eta baita presoa giltzapean mantentzearen alde azaldutako auzi-medikuaren txostenak ere. Atzera bueltarik ez duen minbizia dauka, metastasiarekin. Biriketan bi nodulu topatu dizkiote eta buruan beste bat. Erradioterapia tratamendua hartzen ari da.

Hala ere, Uribetxebarria giltzapean mantentzearen alde azaldu ziren Auzitegi Nazionaleko auzi medikua eta Fiskaltza, tratamendua Zaballako espetxean ere egin zezakeela argudiatuta.

Ez da egun batetik bestera hartutako erabakia izan. Abuztu osoa eraman du erietxean, larri, eta epaileak hilabete behar izan du erabakia hartzeko. Bitarte horretan, bere egoera okertzea ekarriko zuela jakin arren, gose-greba egitea ere erabaki zuen presoak, «duintasuna» mantentzeko.

Ederki harrotu ditu hautsak auziak, eta Castro epailea Donostiara etorri zen erabakia hartu aurretik, presoarekin berarekin eta haren medikuekin aurrez aurre egotera. Izan ere, Uribetxebarriak barauari eki n zionean, bide bera hartu zuten Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide diren preso gehienek.

Uribetxebarriari hirugarren gradua ezarri zion Espetxeetako Zuzendaritza Idazkari Nagusiak, Donostia Ospitaleko eta Zaballako espetxeko mediku txostenetan oinarrituta. Hori ez zuen nahikotzat jo presoak, gaixotasun larria duenez aske egotea dagokiolako. ETAren biktimen haserrea ekarri zuen hirugarren gradua ezartzeak, eta Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak erabakia justifikatzera atera behar izan zuen, legea bete behar dela esanez, gustuko izan ez arren.

Nolanahi ere, Auzitegi Nazionaleko Castro epaileak erabaki behar zuen Uribetxebarria aske utzi edo ez, eta erabakia atzeratzen saiatu zen Fiskaltza, froga berriak eskatuz. Orain, erabakia hartu arren ere, ez da kalera aterako, erabakia irmoa izan arte.

Aske uzteko eskaria alkateak

Erabakiaren berri jakin aurretik, Uribetxebarria aske uztearen aldeko adierazpenak izan ziren atzo ere Donostia Ospitalean.Inazio Azkarraga-Urizar Arrasateko alkateak (Bildu) adierazi zuen, Espainiako legediaren arabera, duela zazpi urte utzi behar zutela aske. Izan ere, 2005ean atzeman zioten Arrasateko presoari giltzurruneko minbizia, eta 2006an eskatu zuen baldintzapeko askatasuna. Azkarraga-Urizarrek presoekiko «mendeku politikarekin» amaitzeko eta «euren legea» aplikatzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari. «Konponbideak jarri behar dira martxan»; «Josu bera, eta beste hamahiru preso, egoera oso larrian daude. Legearen arabera, kalean egon behar lukete».

Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, bestalde, Donostia Ospitaleak Espainiako Auzitegi Nazionalera bidali zuen mediku-txostenak «balio osoa» duela adierazi zuen. Uribetxebarriaren egoera atzeraezina dela zioen txosten hark, eta Bengoak esan du «modu konplexuan» artatu beharko dela presoa. «Espetxe ingurune batean, ziurrenik, ez dira betetzen konplexutasun horrek eskatzen dituen baldintzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.