Josu Uribetxebarriaren egoera «ezin larriagoa» dela adierazi du Herrira mugimenduak, haren senideen bidez jakin duenaren arabera. Astelehenean egindako proben emaitzek Uribetxebarriaren minbizia txarra dela erakutsi dute, eta gaitzak presoa heriotzara eramango duela berretsi dute, Herrira-k jakinarazi duenez. Asteartean Angel Yuste Espetxeetarako Zuzendaritzarako idazkari nagusiak azaldu zuenez, presoaren diagnostikoaren arabera erabakiko dute aske uzteko prozedura abiatu ala ez. Gaurko espero dira osasun azterketen emaitza ofizialak.
Gose grebari ekin zionetik bederatzigarren eguna du gaur Uribetxebarriak, eta pisua oso azkar ari dela galtzen esan dute Herrira-ko kideek. Atzo, zortzi kilo galduak zituen jada, eta bisitatu ahal izan duten senideek esan dute oso ahul dagoela. Atzo Donostiako Ospitalean egindako elkarretaratzearen ondoren, Herrira-ko kideek azaldu zuten minutuak igaro ahala egoera gero eta zailagoa dela: «Bere gaixotasunak eta patuak bueltarik ez daukatela jakinik, aska dezatela eskatzeko jarraitzen du gose greban Josuk».
Abuztuaren 1etik dago Uribetxebarria Donostiako Ospitalean. Han presoaren zaintzaz arduratzen diren ertzainen jokabidea ere salatu zuten senideek. Etxerat elkarteak Donostiara ekarri zuten egunean bertan salatu zuen ez dela nahikoa gaixotasun larriak dituzten presoak hurbiltzea: «Josuk aske eta familiarekin egon behar du», esan zuten, eta espetxean edukita heriotzara eraman dutela salatu zuten. Izan ere, 2005ean minbizia diagnostikatu ostean, aske uzteko 2006an egindako eskaera atzera bota zioten Arrasateko presoari. Minbizia berritu zitzaiola jakin ostean, Uribetxebarriaren abokatuek berriro eskatu zuten aske uzteko. Joan den uztailaren 20ra arte, Leongo Ospitalera eraman arte, Mansillako espetxean eduki dute (Espainia). Leonen diagnostikatu zioten minbiziaren metastasia, eta handik ekarri zuten Donostiako Ospitalera —Zaballako(Araba) espetxearen erreferentziazko erietxea da hori—.
Iraganean ainguratuta
«Atzera begira» geratu beharrean «iraganeko aingurak askatu» eta euskal gizarteak eskatzen dizkion urratsak egiteko eskatu dio Xabier Mikel Errekondok Espainiako Gobernuari. Donostiako Ospitalean atzo egindako elkarretaratzean egin zituen adierazpenok Espainian diputatu den Amaiurreko kideak. Han izan ziren Amaiur eta Bildu koalizioetako kargudun gehiago ere. Horien artean, Maite Aristegi, Maite Iturre eta Alberto Unamunzaga Amaiurreko hautetsiak, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Donostiako Udaleko Bilduko hainbat zinegotzi eta Aralarreko koordinatzaile nagusi Patxi Zabaleta. Bihar, EH Bilduren lehendakarigai Laura Mintegi eta koalizioaren Herritarren Askatasunak arloko arduradun Julen Arzuaga izango dira bertan.
Errekondok salatu du Espainiako Estatua «bere ankerkerian» dabilela oraindik ere, eta larri gaixo diren presoak askatzeko eskatu dio gobernuari. «Amaiurrek bere ekarpena egingo du urrats horietan», gaineratu du. PP eta PSOE legea bete behar dela etengabe errepikatzen ari badira ere, Errekondoren ustez, beraiek aritu dira urteetan legea urratzen: «Estatuak urteak daramatza Josuren eskubideak zanpatzen eta bere legea urratzen». Egun presoak pairatzen ari diren egoera «salbuespenezko eta gorrotozko» espetxe politikaren ondorio dela esan du, eta «eriak eta hilak sortzen dituen» sakabanaketa, «Europako juristek ulertzen ez duten» 197/2006 doktrina eta halako neurriak uzteko eskatu du.
Zabalduz doan mobilizazioa
Azken egunetan egin bezala, Herrira mugimenduak etengabean jarraituko du Donostiako Ospitalean. Egunero hamabi orduz izango dira han, eta elkarretaratzeak egingo dituzte 11:00etan eta 19:00etan. Bihar, Porrotx pailazoa eta Donostiako Piratak ere bertan izango dira. Horrez gain, egunero bezala, elkarretaratzeak izan ziren atzo Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako hiriburuetan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzen aurrean. Donibane Garazin, Herrira Eguna egin zuten atzo bertan, eta Hendaian ere izan zen elkarretaratze bat. Herriz herri ere hainbat protesta egiten ari dira egunotan.
Euskal presoak. Uribetxebarriaren egoera
Uribetxebarria «ezin larriago» dagoela baieztatu dute analisiek
Herrira-k senideen bidez jakin duenez, egindako probek erakutsi dute Uribetxebarriaren minbizia txarra delaGaurko espero dira emaitza ofizialak. Yustek esan zuen horien arabera erabakiko dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu