Azkenean onartu diote legez eta eskubidez zegokion askatasuna. Josu Uribetxebarria libre utzi dute baldintzapean, «arrazoi humanitarioengatik eta pertsonen duintasunerako eskubideagatik». Arrasatearra preso edukitzen tematu dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza eta auzitegi medikua, baina epaileek ezin izan diete eutsi haien argudioei, eta Jose Luis Castrok emandako askatasun epaia berretsi dute. Gaixo larri dago Uribetxebarria: minbizia du giltzurrunean, eta metastasiak ditu buruan. Gaixotasunak ez du atzera bueltarik. Hain dago larri, oraingoz ezingo da Arrasateko etxera ere joan, eta preso eduki duten erietxean segituko du —abuztuaren 1ean eraman zuten hara espetxetik, larri zegoelako—. Hori bai, preso eduki duten gelatik atera, eta gela arrunt batera eraman dute.
Hainbat baldintza bete beharko ditu etxera eramaten dutenean: ezingo da Arrasatetik irten, tratamendua hartzeko ez bada; ezingo da «biktimen eta haien familien etxebizitzetara» gerturatu; «indarkeria goratzen den edo zilegitasuna ematen zaion manifestazioetan modu aktibo edo pasiboan» parte hartzea debekatu diote, baita «era horretako» adierazpenak egitea ere.
Abuztuaren 30etik behar zuen libre Uribetxebarriak. Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok orduan eman zion baldintzapeko askatasuna. Baina epaia irmoa izan arte ez betetzea erabaki zuen. Ordura arte jarraitutako estrategiari eutsi zion fiskaltzak, eta Uribetxebarria libre uztearen kontra egin zuen, helegitea jarriz eta azken erabakia atzeratuz. Atzo hartu zuten erabakia Auzitegi Nazionaleko Aurreneko Zigor Salako bost epailek, eta erabaki sendoa izan zen: lau epaile aske uztearen alde —Fernando Grande-Marlaska, Javier Martinez Lazaro, Ramon Saez Valcarcel eta Alfonso Guevara—, eta bat kontra —Nicolas Poveda—. Erabakiaren berri eman zuten atzo, eta argudioak datorren astean emango dituzte. Povedak boto partikularra iragarri du.
Fiskala, berean egoskor
Erabakia hartzeko, aldeen eta medikuen azken txostenak mahai gainean izan zituzten. Donostiako Ospitaleko txostenak Uribetxebarriaren larritasuna are ageriago utzi arren, bereari eutsi zioten auzi medikuak eta fiskalak. Uribetxebarria ez dagoela «egoera terminalean» berretsi zuen Carmen Baena auzitegi medikuak. Presoak okerrera egin badu jaso duen erradioterapia tratamenduagatik egin duela argudiatu zuen —amaitu du tratamendua—. Hala, Uribetxebarriaren okertzea «momentukoa» dela idatzi zuen, eta horretan eragina izan zuela aske uztea exijitzeko egin zuen gose grebak. Nabarmendu zuen barauaren efektuak desagertu arte ezin dela esan presoak okerrera egin duenik; «ez behintzat interpretazio alderdikoi eta interesatua egiten ez bada».
Castro epaileak Uribetxebarria libre uztea erabaki zuenean fiskala kexu agertu zen, ez zuelako jaso Donostiako erietxearen azkeneko txostena. Baenak ere txosten hura eskatu zuen bere mediku txostena eguneratzeko. Nolanahi ere, Uribetxebarria aurrez aurre ikusi gabe egin ditu bi txostenak auzitegi medikuak, nahiz eta udan Castro ordezkatzen ari zen Santiago Pedraz epaileak Donostiara joan eta gaixoa ikusteko agindu zion, aurreneko txostena egiteko orduan. Epaileari desobeditu, eta txostenen gaineko txostenak egin ditu. Bi txostenetan onartu du Uribetxebarria gaixo larri dagoela eta atzera bueltarik gabeko gaitza duela, baina, hala ere, Uribetxebarria preso edukitzearen alde azaldu da.
Txosten horri heldu dio fiskaltzak ere Uribetxebarria preso edukitzeko eskatzeko, eta legeak «egoera terminalari» buruz ezer esan ez arren, behin eta berriz azpimarratu du Uribetxebarria ez dagoela egoera horretan.
Euskal presoak
Uribetxebarria libre utzi dute, fiskalaren argudioei eutsi ezinda
Erabaki sendoa eman du Auzitegi Nazionalak: lau epaile baldintzapeko askatasunaren alde, eta bat kontraArrasatearra ahul dago, eta erietxean jarraituko du, gela arruntean izan arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu