Euskal presoak

Uribetxebarria libre uzteko epaia baliogabetzeko eskatu du fiskalak

Legeak dio hiltzeko arriskuak «agerikoa» izan behar duela, baina fiskaltzak interpretatu du «berehalakoa» izan behar duelaCastrok tramiteak ondo bete ez zituela eta, epaia baliogabetzeko eskatu du Rubirak

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Josu Uribetxebarriaren askatasunaren aurkako helegitea jarri du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Legea nahierara interpretatu du horretarako, eta presoa gaixo larri eta atzerako bueltarik gabeko egoeran dagoela aitortu arren —hori da 92.3 artikuluak jartzen duen baldintza—, berretsi du ez dagoela «egoera terminalean», hori ezinbesteko baldintza bailitzan, nahiz eta legeak horri buruz ez duen ezer esaten. Beste elementu bat ere mahai gaineratu du, eta nabarmendu du presoak ez duela damurik azaldu.

Erabakia Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak osoko bileran hartzea nahi du, gainera, fiskaltzak. Aurreneko Zigor Salari dagokio berez, baina hura osatzen duten bost epaileetatik hiru progresistatzat jotzen den sektorean daude. Osoko bilkuran, ordea, kontserbadoretzat jotzen direnak dira nagusi, eta pentsa daiteke han zailago litzatekeela epaileek Uribetxebarria aske uztea. Zigor Salako buru eta aurreneko Zigor Salako presidente Fernande Grande-Marlaskak jakinarazi zuen epaileen gehiengoak hala eskatzen ez badu ez duela auzia osoko bilerara eramango.

Jose Luis Castro epaileak gaur zortzi Uribetxebarria ofizialki baldintzapean libre uztea erabaki arren, arrasatearrak preso jarraitzen du, hirugarren graduan, erietxean, epaia ez delako irmoa. Halaxe jarraituko du behin betiko erabakia hartu arte. Defentsak fiskalaren idatziaren kontrako idatzia aurkeztuko du gaur, eta ondoren azken erabakia hartuko du Aurreneko Zigor Salak. Horretarako ez dauka epe jakinik.

Beste ñabardura bat

Atzo aurkeztu zuen Pedro Rubira fiskalak helegite bat, Jose Luis Castro epaileak Uribetxebarria aske uzteko erabakiaz emandako epaiaren kontra. Txostenak28 orrialde ditu, eta hor gogor egiten du Castro epailearen aurka, aurpegiratuta tramiteak ez dituela ondo bete.

Fiskaltzak 92. artikuluaren interpretazio interesatua egiten du eskatzeko Uribetxebarria libre ez uzteko, eta legean jaso gabeko beste ñabardura bat aipatzen du. 92.3 artikuluak dio «presoaren bizia arriskuan dela agerikoa izango balitz, bai oso gaixo dagoelako, bai adin handikoa delako», baldintzapean aske utzi behar dela. Berehala hiltzeko arriskua izan behar duela ez du esaten, beraz. Fiskalak bere txostenean ñabardura hori gehitzen du, ordea: «Ez dago berehalako arriskuan». Fiskalak berak onartzen du txostenean gaixotasun larri eta sendaezina duela. Beraz, haren bizia arriskuan dago, legeak dioen bezala, «modu nabarmenean». Uribetxebarriak giltzurruneko minbizia du, metastasiarekin, eta tratamentuan ari da Donostiako erietxean.

Nolanahi ere, berehalakotasunari eutsita ere, Jaiki Hadi medikuen elkarteak jakinarazi zuenez, Uribetxebarriak «sobera» gainditzen ditu Espetxe Zuzendaritzak gaixorik dauden presoak libre uzteko ezartzen dituen irizpideak. Horien arabera, urtebetean hiltzeko arriskua %10etik gorakoa izanik, presoek baldintzapean aske izan behar dute. Donostiako Ospitalearen ustez, urtebetean hiltzeko aukera %90 da, eta Auzitegi Nazionaleko auzitegi medikuaren arabera, %50.

Hala ere, bereari heltzen dio fiskalak, eta beraz, bere argudioen arabera 92.3 artikulua ezin denez bete, 92.1 artikulua aplikatu behar dela dio. Hor jasotzen da presoa aske uzteko beharrezkoa dela hura damutzea. Fiskalak nabarmendu du Uribetxebarriak ez duela agertu damurik.

Auziaren mamian sartu aurretik, formetan oinarrituta ere eskatu du Rubira fiskalak atzera botatzeko Uribetxebarria aske uzteko epaia. Azken diligentzien berri fiskaltzari ez ematea egotzi dio epaileari. Hain justu, epaileak presoa ikusteko Donostiako Ospitalera bidaia egin zuenean ez zuela «fede onez» egin argudiatu du, fiskala ez zegoelako han. Castrok epaian aipatzen duen txosten bat ez duela eskura eduki ere esaten du fiskalak: abuztuaren 22an Donostiako erietxeko onkologoek egindako txostena, alegia. Beraz, fiskalak azpimarratu du prozedura ez zela ondo bete.

Besteetan izandako irizpide desberdinak erabili ditu fiskalak Uribetxebarriaren kasuan. Iazko urtarrilean Mikel Ibañez presoa askatzearen alde agertu zen, haren baldintzak Uribetxebarriaren antzekoak zirela. Hark ere minbizia zuen, metastasiarekin. Bizi-itxaropena antzekoa zen bientzat. Fiskaltzak ez zion eskatu damurik agertzeko. Espetxetik irten eta hiru hilabetera hil zen Ibañez.

Fiskalaren eskariarekin, hiru aukera ditu, aldaketarik ezean, helegiteari buruz erabakiko duen Aurreneko Zigor Salak: lehena da fiskalaren helegiteari jaramonik ez egin eta Uribetxebarria aske uztea; bigarrena, Castro epaikeak prozeduraondo bete ez duela-eta hura baliogabetu eta berriz egiteko agintzea; eta hirugarrena, epaileak 92. artikulua gaizki aplikatu duela argudiatu eta, damurik agertu ez duenez, hori gertatu ezean ebaztea Uribetxebarriak preso jarraitu behar duela .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.