Etxera itzuli da hilabetez hutsik egon den aulkia. Arrasaten (Gipuzkoa) dago jada, Josu Uribetxebarriaren herrian. Larriki gaixo dagoen preso ohiaren hutsunea irudikatu du aulki horrek, eta, orain, «askatasunaren eta bakearen» sinboloa da. Fran Balda Herrira mugimenduko kidearen eskutik jaso du preso ohiaren anaiak, Jabier Uribetxebarriak, denbora luzez horen hutsa irudikatu duen aulkia. «Aulki honek gurekin jarraitzeak ez du zentzurik. Guk ez ditugu aulki hutsak nahi, hutsik dauden aulkiak betetzea baizik», esan du Baldak.
Gaixorik dauden presoak aske utz ditzatela eskatzeko ekitaldi bat egin du Herrira mugimenduak, Arrasateko Amaia antzokian. Uribetxebarriaren senideei ez ezik larri dauden beste presoen hurkoei ere «miresmena, maitasuna eta sostengua» adierazteko ekitaldia izan da. Xumea izan da. Hunkigarria. Azken hilabeteotan elkartasun eta aldarrikapen ikurra bilakatu den aulki baten inguruan egin da agerraldia. Uribetxebarriaren senide eta lagunek denbora luzez pairatu duten hutsunea irudikatu dute horrela. Baina baita gaixotasun larriak dituzten beste hamahiru presoen eta euren familien sufrimendua ere: zehazki, Txus Martin, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Josetxo Arizkuren, Inmakulada Berriozabal, Iñaki Etxeberria, Jesus Maria Mendinueta, Jose Angel Biguri, Jose Migel Etxeandia, Iñaki Erro, Gari Arruarte, Aitzol Gogorza, Jose Ramon Lopez de Abetxuko eta Isidro Garalde presoena. «Lortuko dugu hamahiruak etxera ekartzea», esan du Baldak.
Euskal preso horien senideak eta Donostiako Ospitalean gose greban aritu ziren lagunak izan dira ekitaldian, eta txalo zaparrada beroa eskaini diete bildutakoek taula gainera igo direnean. Jabier Uribetxebarriak eskertu egin ditu bere anaiaren askatasunaren alde asteetan izandako mobilizazio eta elkartasun keinuak. «Txalo hauek Euskal Herri osorako izan behar dute. Mila esker, Euskal Herria!».
Izan ere, Arrasateko preso ohiaren eta gaixorik dauden beste presoen egoera salatzeko milaka lagun mobilizatu dira udan Euskal Herrian. Elkartasun uholde erraldoi horren erakusgarri diren irudi asko biltzen duen bideo bat jarri dute Amaia antzokiko ekitaldian: Donostiako Ospitalearen pareko elkarretaratzeak, gose grebak, manifestazioak, kateatzeak, itxialdiak... Herritarren mobilizazioa funtsezkoa izan da Uribetxebarria kaleratzeko, eta Herrira-k uste du bide horri eutsi behar zaiola gainerako presoak etxera eramateko: «Gatazkaren ondorioak sufritzen jarraitzen dute preso horiek, eta gizarte honek bere egin behar du egoera hauek amaitzeko betekizuna, haien eskubideak eta duintasuna babestuz», esan du Nagore Garcia Herrira-ko kideak.
Uribetxebarriarekin gertatutakoa berriro gertatzea irudikatzeko deia egin du, halaber, Garciak. «Inoiz gehiago ez!» oihua lau haizeetara zabaltzeko deia izan da. «Josuren egoera ezin da errepikatu, eta, horretarako, beharrezkoa da kartzela politika errotik aldatzea».
«Denok garaile»
Arrasateko preso ohia aske utzi zutenean gogoetarako deia egin zutela gogorarazi du Herrira-ko kideak, «sufrimenduaren, eskubide galeren eta gatazkaren kiribiletik atera, eta atzerako bueltarik gabeko pausoak eman nahi dituen gizarteari aurrera egiten uzteko». Modu horretan denek irabazten dutela aldarrikatu zuen Herrira-k orduan ere, baina Garciaksalatu du Espainiatik oraindik «lehengo musika bera» datorrela. Besteak beste, «bizi guztiko zigorra ahalbidetzen jarraitzeko egitasmo berriak» iragartzea jarri du adibide gisara, eta larri gaixo dauden presoak ez askatzeko asmoa erakustea. «Temati jarraitzen du gobernuak, kartzela politika honi eustea gero eta zailagoa den arren», esan du Garciak.
Era berean, Herrira-k beste behin galdegin du euskal preso eta senideen aurkako «neurri bidegabeak» amaitzea; besteak beste, exijitu du gaixorik dauden presoak askatzeko, 197/2006 epaia bertan behera uzteko eta presoen sakabanaketa bukatzeko. Herrira-ko eledunak azpimarratu du utzi egin behar zaiola presoen eta haien senideen bizitzak «mendekurako edota onura politikoak» lortzeko erabiltzeari, eta gobernuek ezin diotela oztopo gehiago jarri gizarteak bakea eta irtenbideak eskuratzeko duen eskubideari.
Herrira mugimenduak espetxe politika aldatzearen alde lan egiten jarraituko duela iragarri du Garciak. «Elkarlanerako aukera berriak urratuko ditugu, aldaketen alde ate gehiago irekiz», esan du. Gizarteari ere indarrak gehitzeko eskatu dio,«zubi berriak» eraikitzeko, elkarlana «sendotzeko» eta erakunde publikoak oinarrizko eskubideen alde engaia daitezen lortzeko. «Zaila dirudien arren, lortuko dugu, ziur!», esan du.
Uribetxebarriaren aulkia etxean da jada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu