Josu Uribetxeberria euskal presoak gose greba hasi du Donostiako ospitaleko ziegan. Gose greba atzoko 00:00etan hasi zuen eta atzo arratsaldean jakinarazi zien hurbilekoei bisita bat izan zuenean, Herrira mugimenduak atzo iluntzean jakinarazi zuenez.Gutun baten bidez azaldu ditu bere erabakiaren zergatiak. «Beraz, gaur, abuztuaren 8a, 00:00 orduetatik, gose greban jartzen naiz, alde batetik hemen azaltzen dudanagatik [zaintzen duten ertzainekin izandako tirabira] eta, garrantzitsuena nire ustez, gobernu espainola luzatzen dabilelako egoera onartezin hau, krudelkeria eta gorrotoa muturreraino eramanez. Hamalau gaixo larri kartzelan mantentzea hiltzeko itxarongelan onartezina da. Gaixo larriak etxera!».
Gose grebari ekiteko asmoa aurreratu zion Uribetxeberriak Gara egunkariari eskainitako elkarrizketan. Espainiako Estatuak aske uzten ez badu, geratzen zaion «bide bakarra» gose greba dela esan zion Uribetxeberriak Gara egunkariari. «Erabaki gogorra izango da niretzat, baina ez dago atzera egiterik», adierazi du. «Nire egoeran egonda, ez dut uste asko luzatuko litzatekeenik (...) Duintasunez hiltzea izango da nire asmoa», azaldu zuen Uribetxeberriak aipatutako elkarrizketan.
Askatasunari buruzko erabakiaren zain egon gabe, herenegun gauean erabaki zuen gose grebari ekitea, zaintzen zuten ertzainekin duintasunaren inguruan tirabira bat izan ondoren. Atzo iluntzean zabaldutako gutunean kontatzen duenez, polizi zaindarien aldetik izan duen tratua okertu egin zen herenegun. «Ordura arte senide eta lagunek binaka zuten sartzea nirekin egoteko. Atzo [herenegun] banan-banan sartu behar zirela esan ziguten». Egoera hori bideratzea espero bazuen ere, ohera sartzeko orduan berriro izan zuen tirabira bat ertzainekin. «Gauean ohera sartzerakoan indarrak berreskuratzeko, beti bezala leihoa zabaldu nuen gela aireratzeko eta freskatzeko (barroteak ditut leihoan). Ordura arte arazorik gabe egindakoa arazo bihurtu zen, polizia batek leihoa itxita egon behar zuela agindu zuen». Txirrina erabiliz erizaina deitu zuen, laguntza eskatzeko egoera konpondu ahal izateko. Ikuskatzailea etorri zen, baina ezer gutxi egin ahal izan zuen. «Berak ulertzen nauela, baina bere eskumena ez dela. Azken gertaera honen ondoren eta nire egoera orokorra ikusita, esan nion ez nuela froga egingo (TAC eta puntzoia) eta gose greban hasten nintzela, nahiz eta jakin nire egoeran egonda ez dudala egun asko iraungo. Ez dut ezer berezirik eskatzen, tratu justu bat soilik nire egoera kontuan hartuta. Egoera honetan nagoela, nola onartuko dut tratu izugarriak nire senideekiko, ez da posible!», salatu du Josu Uribetxeberria presoak aipatutako gutunean.
Uribetxeberria Leongo espetxean zegoen preso, baina abuztuaren 1etik Donostiako ospitalean dago, froga mediku batzuk egiten. Minbizia dauka, eta Espainiako legedian jasota dagoen bezala, baldintzapean aske uzteko eskatu dute haren abokatuek, gaixotasun larri eta sendaezina duelako. «Euren legeen arabera, ni kartzelan nago. Orain gaixo larria naiz eta euren legeen arabera eskubidea dut baldintzapeko askatasunean kaleratua izateko. Ez dut uste asko eskatzea denik. Nire denbora badoa, duintasunez igarotzea besterik ez dut nahi», adierazi du Uribetxeberriak. Horrekin batera, salatu egin du haren bizitzarekin jokatzen ari dela Espainiako Estatua, «gorrotoak» bultzatuta. «Tratu justu eta duina bakarrik eskatzen dut, legeak jasotzen duena, nahiz eta euren interesen arabera aplikatu. Ni ez naiz joko horretan sartuko», nabarmendu du.
Jaiki Hadiren deia
Uribetxeberriaren osasun egoera dela eta, «larrialdiko deia» egin du Jaiki Hadi medikuen elkarteak. Donostian eginiko agerraldi batean, Javier Hernando eta Matti Iturralde Jaiki Hadiko eledunek ohartarazi dute Arrasateko preso egoera «terminalean» dagoela, «hilurren». Hori hala, Espetxe Zuzendaritzako arduradunei eskatu diete haren «heriotza duinerako eskubidea» errespetatzeko, eta neurriak hartzeko «gisa honetako egoerak errepika ez daitezen».
Hernandok eta Iturraldek gogoratu dute 14 euskal presok dituztela gaixotasun larri eta sendaezinak, eta horietatik hiru minbizia dutela. «Beharrezko neurriak hartu ezean, muturreko eta itzulerarik gabeko egoerara jotzeko arrisku erreala dago, Josuren kasuan gertatu zen bezala», ohartarazi dute. Bien bitartean, Uribetxeberriaren egoera salatzeko eta hari babesa agertzeko Herrira mugimenduak antolatutako ekimenak jarraipena izango duDonostiako ospitalean.
Uribetxeberriak gose greba hasi du ospitalean, bizi duen muturreko egoera salatzeko
Presoaren osasun egoera dela eta, «larrialdiko deia» egin du Jaiki Hadi medikuen elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu