Urizar: «ETAren garai armatua gaindituta dago»

EAko idazkari nagusiaren arabera, «PSOE eta PP prozesua luzatu nahian dabiltza, beldur direlako»

Erredakzioa
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi Pello Urizarrek ziurtatu du «ETAren garai armatua» amaituta dagoela eta Espainiako Gobernuaren aldetik «ziklo hori ofizialki ixteko»borondate eza «interesatua» dela.

Horrela mintzatu zen herenegun Lizarran, EAren Alkartasun Egunean, Pello Urizar. Ehunka militante eta jarraitzaileren artean ospatu zuen EAk 25. urteurrena.

Ekitaldi politikoan, EAko idazkari nagusiak nabarmendu zuen bere alderdia «bide egokia» ari dela urratzen, eta horren adierazlerik agerikoena dela «Espainiako Estatua eta hura babesten duten alderdiak erakusten ari diren urduritasuna».

Urduritasun horren barruan kokatu zuen Urizarrek Bateragune auziko epaia, zeina «erabat bidegabea eta neurriz kanpokoa» baita berarentzat eta «helburu bakar bat» baitu: «Egoera berri honetan indar subiranista guztiek egin dugun apustua kolokan jarri nahi izatea». Urizarren iritziz, ordea, ez dute lortuko helburu hori, «Estatuko ezein aparatu ez baita gai aurre egiteko bere etorkizunaren uhalei heldu nahi dion euskal gizarteari».

Testuinguru horretan jo zuen amaitutzat ETAren aro armatua, eta «amaiera ofiziala» emateko Estatuaren borondaterik eza. «Itxiera ofizialak prozesu tekniko bat eskatzen du desarmearen edota presoen gaiei heltzeko, baina ez dute hasi nahi, badakitelako ETAren ziklo armatua ofizialki ixten dutenean ez dela aitzakia bakar bat ere egongo Euskal Herriko herritarrek erabakitzeko aukera izango duten prozesu demokratikoa abiarazteko».

Madrilera joan beharraz

Azaroko hauteskundeak ere hizpide izan zituen Urizarrek, eta Espainiako Kongresura zergatik joan behar den azaldu zuen: «Herri gisa, indar guztiaz joan behar dugu, joateari utzi nahi diogula esatera, gure jokalekua Euskal Herria dela eta geuk erabakitzen dugula esatera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.