Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak indarrean dagoen espetxe politika «malgutzeko» eskatu dute azken egunetan. EAko idazkari nagusi Pello Urizarren arabera, esan horiek «positiboak» dira, «ona» delako geroz eta eragile gehiagok eskatzea espetxe politika aldatzeko. Baina PSOEren keinua «berandu» datorrela esan du Urizarrek, Infozazpi irratiak egin dion elkarrizketa batean: «Pena da Espainiako Gobernura PP iritsi denean bat egitea gehiengoaren eskaerarekin; PSOEk aukera handia galdu du PPk zein bideri jarraituko dion markatzeko». Gobernuko erantzukizunik ez dutenean adierazpenak egitea «oso erraza» dela esan dio Urizarrek PSOEri.
Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Gobernuko Justizia ministroari mintzatu zitzaion Urizar —Gallardonek atzo esan zuen egungo legedia defendatzen duela eta neurri orokorrik ez duela hartuko presoen gaian—. EAko idazkariaren iritzian, presoen gaian neurriak har daitezke indarrean dagoen legediarekin ere. «Ez dugu ezer berezirik eskatzen. Euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespeneko zigorrak ezabatzeko eskatzen dugu».
Aldarrikapenetan, EAJ ekarpenak egitera deitu du Urizarrek. Haren ustez, EAJk erabaki egin behar du Euskal Herria den bere «apustua» edo «EAJrentzat positiboa dena Euskal Herriarentzat ona da» ideiarekin segituko duen.
Urizar: «Positiboak dira PSOEren esanak, baina berandu datoz»
EAko idazkariaren ustez, «PSE-EEk aukera galdu du» PPk gobernuan zein bideri jarraituko dion markatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu