Urizar: «Subiranotasunaren alde dago gizartea»

EAJrekin «kezkatuta» agertu da EAko buruzagia, eta bere jarrera zein den argitzeko eskatu dio

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak uste du euskal gizarteak ezkerreko subiranisten indar metaketa «sarituko» duela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak herenegun kaleratutako Euskobarometroaren emaitzen inguruan hitz egin du Urizarrek, eta, nabarmendu duenez, inkestaren emaitzek agerian uzten dute «subiranotasunaren alde» dagoela euskal gizartea. Inkesta horren arabera, Amaiur bigarren indarra izango da, EAJren atzetik. Hala ere, lehia estua espero du bi indar politiko horien artean: 22-23 eserleku EAJk eta 19-22 Amaiurrek. PSE-EEk 16 izango lituzke, PPk 14 eta EBk 0-3.

Gasteizen eginiko prentsaurreko batean, EAko buruzagiak nabarmendu du euskal gizarteak ez duela babesten EAJ, PSE-EE eta PP ezker subiranisten aurka erabiltzen ari diren estrategia. «Gizarteak argi du ezkerreko subiranotasuna etorkizuneko alternatiba bat dela». Bereziki alderdi jeltzalearen jarrerarekin kezkatuta agertu da Urizar, eta bere asmoak zeintzuk diren argitzeko eskatu dio. «Sozialistekin eta popularrekin bat egiten dute han eta hemen, jakin badakiten arren normalizazio eta bakegintzari buruzko erabakiak Euskadin hartu behar direla», nabarmendu du.

Mikel Arana Ezker Anitzako koordinatzaile nagusiak ere aipatu ditu Euskobarometroarenemaitzak. Haren ustez, «alderdi eta komunikabide handiek» interes handia dute alderdi txikiak lehiatik kanpo uzteko, eta halako ikerketak manipulatzea leporatu die. «Ez dute gustuko alderdi txikien presentzia». Arana ziur da, baina, legebiltzarrean ordezkaritza izango duela Ezker Anitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.