Politika

Urkijok 'Euskal Herria' hitza jasotzen duten testu liburuak erretira ditzala eskatu dio Ibarretxeri, gutun bidez

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijok gutun bat helarazi dio Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariari 'Euskal Herria' hitza jasotzen dute eskoletako testu liburuak erretiratzeko eskatuz. Gutunak otsailaren 25eko data du, eta Urkijok hilabeteko epea ematen dio Ibarretxeri zazpi herrialdeak irudikatzen dituen mapa jasotzen duten liburu guztiak eskoletatik ateratzeko, "ez datozelako bat indarren dagoen legediarekin, ezta Konstituzioarekin eta Estatutuarekin ere".

2004ko martxoaren 8a
18:53
Entzun
Carlos Urkijok hiru argitaletxeren izenak aipatzen ditu gutunean: Erein, Elkarlanean eta Ibaizabal. Liburu horiek lehen hezkuntzan erabiltzen dira, eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia dute. Urkijoren esanetan, 'Euskal Herria' hitza EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria batera biltzen dituen mapen alboan ageri da.

"Gauzak azaltzeko modu honek gure autonomi erkidegoaren muga politiko zein geografikoak gainditzen ditu", dio Urkijoren idatziak. Halaber, Espainiako Konstituzioaren eta Gernikako Autonomia Estatutuaren "zenbait atal urratzen" dituela nabarmentzen du, "batik bat batasunari eta lurralde banaketari dagozkionak".

Kontentzioso-administratiboko legearen babesean egin du eskaera Urkijok. Lege horren arabera, administrazio publikoen artean gisa horretako eskaerak egin daitezke, zerbait berria sartu edo kentzeko eskatuz.

Urkijok hilabeteko epea eman dio Ibarretxeri gutunari erantzuteko, eta hala egiten ez badu, Ibarretxek gutuna ez duela aintza hartzen esan nahi duela azpimarratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.