Jardunean da Espainiako Gobernua, hurrena noiz eratuko zain, baina salaketen bidean jarraitzen du Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak. Eako Udala (Bizkaia) salatu du azkena, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartu delako. Udalaren eskumenak gainditzea leporatu dio.
Uemak berak eman du salaketaren berri. Josu Labaka lehendakariak adierazi du lege babesa ezinbesteko dutela udalerri euskaldunek. "Helegite horrek, beste behin ere, agerian uzten du oraindik oztopoak besterik ez dugula euskaraz bizitzeko eskubidea erabaki eta politika ausartekin bermatu nahi denean". Euskararen auzia bizikidetzarena dela nabarmendu du: "Euskararen arnasguneak bereziki zaintzeko lege babesa aldarrikatzen ari garen honetan, batzuk berariaz ari dira jotzen arnasgune horietako udalen kontra, benetako bizikidetzaren aldeko hizkuntza politika egiten duten bakarrenetakoak izan arren".
Eako Udalak jasotako salaketa ez da gisa horretako lehena: Zeraingo eta Berastegiko udalak ere (Gipuzkoa) salatuak ditu Urkijok, Ueman sartu zirelako. Auzitegian daude kasu horiek. Euskarari buruzko dozenaka salaketa jarri ditu azken lau urtean Urkijok; besteak beste, udaletako aktak euskaraz egiteagatik eta kontratuetan hizkuntza irizpideak jartzeagatik.