Iñigo Urkulluk El País-i emandako elkarrizketan aipatu du Espainiako Konstituzioak euskal lurraldeen eskubide historikoak "errespetatzen eta babesten" dituela, eta "foru erregimenaren itunerako izaeran oinarrituta, Jaurlaritzak elkarrizketa-negoziazioa-akordioa-berrespena" metodoari jarraitzea bilatzen du, lehendakariaren arabera.
Duela bi aste Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela esan ziola adierazi du Urkulluk. "Baina hori bai, itundutako eran gauzatzeko, legezko galdeketa eginda". Gainera, haren ustez, "eztabaida ez da erabakitzeko eskubidea bai ala ez. Eztabaidak autogobernua izan behar du, nola errespetatzen den autogobernua, nola ulertzen ditugun autogobernua eta herritarren ongizate handiagoa".
Rajoyren gobernuak elkarrizketako borondaterik ez duela uste du Urkulluk, eta esan du aurrerantzean Espainiako Estatuarekin "aldebikotasun harremana" lortu nahi dutela. "Kontzertu Ekonomikoan islatzen dena" arlo politikora eramanda, "estatuak errespetua agertuta nazio aniztasunari".
Jaurlaritzako lehendakariaren iritzian, euskal abertzaleen eta ez-abertzaleen artean lor daiteke akordiorik. "Badago oinarri bat", azaldu du, 2006an Azpeitiko Loiolan (Gipuzkoa) EAJ, Batasuna eta PSE-EEk izandako elkarrizketak adibide jarrita.
Independentzia "abertzale orok daukan helburu zilegi bat" dela dio, baina ez du zehaztu EAJ horren bila doanik. "Gizartearen laguntzarekin, eta pragmatismoarekin, nazio eraikuntza egitea aitortu izan zaio EAJri. Gaur egun independentzia, dependentzia txikiagoa da. Mundu globalizatu batean bizi gara".
Presoak eta ETAren armagabetzea
Urkulluk berriro esan du Rajoyri euskal presoen "birgizarteratzerako" Hitzeman programaren berri eman ziola, eta gaineratu du presoek "eragindako kaltearen damua eta aitortza" agertu beharko lituzketela. Espainiako presidenteak proposamena aztertuko dutela erantzun omen zion.
Lehendakariak ETAren armagabetzeaz ere hitz egin du El Pais-eko elkarrizketan. ETAk armak entregatuko dituela iritzi dio lehendakariak. "Ez dakit noiz gertatuko den. ETA ez da gure eskema demokratikoekin aritzen, edo hauteskunde eskemengatik. Gutxieneko bermeak izandakoan egingo du [armagabetzea], eta gobernuak ausartagoa izan beharko luke".