Urkulluk akordio zabal bat eskatu du «blokeo iraunkorra» gainditzeko

Euskal nazioaren onarpena ekarriko lukeen akordioaren alde egin du EAJren EBBko buruak, Gironan

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
«Akordio barneratzailea» behar da Iñigo Urkullu EAJren EBBko buruaren iritzian. «Etengabeko blokeoa gainditzeko akordio berri bat lortzea da gure helburua», esan zuen atzo, Gironan eman zuen hitzaldi batean. Itun horrek «egonkortasun politiko eta instituzionala» ekarri beharko lituzkeela uste du, baina, horretaz gain, «Estatuaren errealitate plurinazionala» onartu eta «Euskal Nazioaren errekonozimendu politiko eta juridikoa» ekarri behar lituzke, bere irudiko.

Izan ere, «Euskadirentzat estatus politiko berria» lortu nahi du EAJk: «Gure errealitate nazionala onartuko duen estatusa, eta Estatuarekin egin beharreko itun politikorako baldintzak argituko dituena, transparentziaz, aldebikotasunez eta demokraziaz». Eskubide historikoak eguneratzearen eta erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzearen alde agertu zen Urkullu.

«Terrorismoaren diktaduratik demokraziaren askatasun erabatekora» trantsizioa egiteko «aukera historikoa» da egungoa, EBBko buruaren irudiko, «Euskadin bigarren trantsizioa» egiteko aukera dagoelakoan dago. Eta EAJk horretarako proposamena baduela berretsi zuen: sentsibilitate politiko guztien artean akordioa lortzea xede duen Ados plana. Euskal herritar guztientzat «proiektu komuna» aldarrikatu zuen, beti ere «EAEtik abiatuta, eta instituzioen errespetutik».

ETAren armak uzteko erabakia «berririk handiena» izan dela nabarmendu zuen, eta orain, «bakea eta adiskidetasuna» lortzeko egin beharrekoei buruzko zehaztasunak ere eman zituen.

Batetik, armak uztea eta erakundea desegitea ETAren beraren egitekoa dela esan zuen. «Egindako mina onartzea» ere badagokiola gaineratuz.

Espainiako Alderdien Legea indargabetu behar dela ere aldarrikatu du EBBko buruak. Alderdi politiko guztiek parte hartzeko aukera izan behar dutela azpimarratu zuen, eta hori «askatasunean» egin behar dutela: «Egungo alderdien legeak zentzu guztia galdu du. Iraganeko lege bat da, ETA zegoen iraganekoa. Eta etorkizunerako lege bat behar dugu, ETArik gabeko etorkizunerako lege berria».

Memoriaz ere hitz egin zuen: «Memoriarekin konpromisoa eta terrorismoaren biktimei errekonozimendua».

Espetxe politika «dinamiko eta malgua» behar dela ere azaldu zuen Urkulluk. «Gainerako preso guztiei aplikatzen zaien espetxe politika aplikatu behar zaie». Familiei jartzen zaien «zigor gehigarria» ere indargabetu egin behar dela aldarrikatu zuen, sakabanaketari erreferentzia eginez.

Guzti horretaz gain, Eusko Legebiltzar berria osatu behar dela ere uste du Urkulluk: «Ezin dugu kontraesan hau mantendu: alegia legebiltzarreko politika egiteko eskatu, baina aterik ez ireki».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.