poliTIKA

Urkulluk "akordiorako ateak irekita" ikusi ditu Raxoirekin egindako bileran

Jaurlaritzako lehendakaria eta Espainiako gobernuburua ia hiru orduz batzartuta izan dira Moncloan. Urkulluk Raxoiri EAEko kontzertu ekonomikoa berriro negoziatzeko eskatu dio, bakea lortzeko "aukera historikoa" baliatzeko eta autogobernuaren eskumenak errespetatzeko.

enekoitz esnaola
2013ko urtarrilaren 30a
18:09
Entzun

Hedabideen aurrean, behintzat, gustura azaldu da Iñigo Urkullu (EAJ) Eusko Jaurlaritzako lehendakaria gaur Mariano Raxoi (PP) Espainiako gobernuburuarekin Moncloan egindako bileraz. "Bilera emankorra izan da, akordiorako ateak ireki ditugulako Raxoik eta biok”, esan du agerraldia hasi bezain pronto.

13:30etik 16:30ak ingurura arte izan dira bilduta. Iazko abenduaren erditik da Urkullu lehendakari, eta karguan denetik aurreneko aldiz batzartu da Raxoirekin. 

Hiru gai nagusiak

Urkulluk Raxoiri eta agerraldian aipatutako gai nagusiak:

- 1. Ekonomia. Krisiari aurre egiteko, EAEk ahalmen handiagoa izateko, erkidegoko kontzertu ekonomikoa egokitu beharra dago, "berriro negoziatuta", Urkulluren arabera. Talde teknikoa eratu nahi du Espainiako Gobernuarekin. Krisi ekonomikoak du gaur egun lehentasuna, esan duenez. "Harrera ona ikusi dut Raxoirengan”.

- 2. Bakegintza-bizikidetza. "Beste helburu handia bakea da”. ”Aukera historikoa” dago gaur egun, eta denen parte hartzea behar da, "eragindako mina aitortuta". Espetxe politika bergizarteratzean oinarritu behar dela esan du, Espainiako legedia aintzat hartuta. Zehaztu du baztertu egin behar dela amnistiaren aldarrikapena, eta euskal presoen kasu bakoitza aztertu behar dela. ETAk keinuak egiten segitu behar duela aipatu du. "Bakegintzaren arloan Raxoirekin harreman pertsonala edukiko dut".

- 3. EAEko autogobernua. Gaitzetsi egin ditu Espainiaren erasoak. ”Espainiako Konstituzioan bertan aitortuta daude euskal eskubide historikoak”.

"Diskrezioa eta leialtasuna"

Urkulluk Bilboko urtarrilaren 12ko manifestazio erraldoiaren ostean esan zuen "beste espetxe politika bat" behar dela. Gaur ez du xehetasunik eman —nahi izan— kazetarien aitzinean. "Espainiako gobernuburuak eta biok lan horretan lanean segitzeko diskrezioa eta elkarrekiko leialtasuna behar direla esan dugu". Ondoren, erantsi du ETAk eman behar duela "oinarrizko pausoa".

Katalunia eta Nafarroa

Kataluniaz ere galdetu diote kazetariek Urkulluri. Jaurlaritzaren ohiko mezua eman du; hau da, "Euskadiren eta Kataluniaren errealitateak erabat desberdinak" direla. Baina geroago aipatu du Nafarroako erkidegokoa ere EAEkoaren aldean errealitate desberdina dela.

Jonan Fernandez

Madrilgo hedabideetakoek galdera batzuk Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari berriari buruz egin dizkiote. "80ko hamarkadan izan zen hura HBko zinegotzi”, esan du behin baino gehiagotan lehendakariak. Harrezkero Fernandezek egindako ibilbidea aintzat hartzeko eskatu du, hura bakean uzteko eta lagatzeko lana egiten. Gainera, adierazi du esparru politikoan dauden beste lagun batzuk bere garaian HBkoak baino gehiago izan zirela, ETAn ibili zirela iradokiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.