Bakegintza eta normalizazio politikoa, autogobernua eta krisi ekonomikoa izango dituzte hizpide gaur Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak eta Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak, Urkulluk berak adierazi duenez. Bi buruzagiek Moncloa jauregian egingo duten bileran, bakegintzarako «konpromisoak» eskatuko dizkio Urkulluk, eta autogobernurako «urratsak».
Bakegintza eta normalizazio politikoa egonkortzeko lanean murgiltzea proposatuko dio EAJko buruak Espainiako gobernuburuari, Cope irratian eginiko elkarrizketa batean esan duenez. Presoekin lotu ditu zuzenean Espainiako Gobernuak egin beharreko urratsak. Eta ohartaraziko dio lehen ere, Espainiako Gobernua PPren esku zela, pausoak eman zirela bide horretan; 1998an, Jose Maria Aznar gobernuburuak espetxe politika «malgutu» zuela.
Urkulluk dio bide horri eusteko arrazoi gehiago daudela orain. ETAk jardun armatua bertan behera utzi zuela iragarri zuenetik «garai berri bat» ireki dela, eta PPk badakiela hori. Horregatik, horri behar bezala eutsiko dion esperantza azaldu du, eta Espainiako Gobernuak jakingo duela jendaurrean ematen dituen mezuak «modulatzen», eta presoen egoeraren inguruan «diskrezioz lan egiten».
ETAri dagokionez, Urkulluk sinesten du Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak esanikoetan. Batzorde horrek esan zion ETArekin zuzenean bildu zela, eta hartutako konpromisoari eusteko asmoa azaldu ziola erakunde horrek.
Hala ere, Urkullu ez du harritu Frantziako Poliziak ETAkoak direlakoan hileon atxilotu dituen hiru herritarrak armatuta egoteak. Haren ustez, kide horiek Espainiaren esku utz ez ditzaten daramatzate armak, nahiz beretzat ez den «justifikazioa». Arriskutsu ere deritzo horri, poliziak horiek atxilotzera joaten badira «gorabeheraren bat» gerta daitekeelako.
EAJk estatus politiko berri bati begira lan egingo duela ere adieraziko dio Urkulluk Raxoiri. Ohartaraziko dio Espainiako Gobernuan egon direnen interesen menpe egon dela Gernikako Estatutua, eta ez dela bete lege organiko izateak eskatzen duen bezala. Hortaz, uste du aldatu egin behar dela. Urkulluren esanetan, proposamena oraindik «zehaztu gabe» dagoen arren, EAE eta Nafarroaren arteko «harreman normalizaturako aukera» eman beharko luke. «Hortik aurrera, euskal herritarren nahiaren arabera, autogobernu handiagoa izateko aukera» lortu nahi du EAJk estatus berriarekin. Edozein moduz, zehaztu du proposamena «irekita» dagoela, eta «guztien arteko akordioa» izango duela oinarri.
Iñaki Oiartzabal PPko EAEko idazkari nagusiak, berriz, esperantza azaldu du Urkullu «eraikitzeko jarreraz» joango dela Raxoirengana; «ezker abertzaleak mahai gainean dituen eztabaidetan nahasteko asmorik» izango ez duen eta «garai honek eskatzen duen arduraz» jardungo duen esperantza.
Izan ere, Oiartzabalen esanetan, «terrorismoaren amaieraren kudeaketa» akordio handiak lortuta egin behar da, eta horregatik ari da PP «konplizitate bila», «guztiek bide berean egiteko». Presarik ez izateko ere eskatu du: «Pausoak presarik gabe ematea da garrantzitsuena, orain presa ez delako ona, zuhurrak izan behar dugulako, eta euskal gizartearen esperantzak alferrik ez galtzeko urratsek sendoak izan behar dutelako».
Urkulluk «bakegintzarako konpromisoak» eskatuko dizkio Raxoiri gaurko bileran
Oiartzabalek dio PP egoeraz baliatzeko «konplizitate bila» ari dela, baina ohartarazi du presa ez dela ona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu